Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek azaldu duenez, "Irurtzunen elkartzen den emakume talde bat da honen antolaketan, proposamenean eta talde eragile gisa". Zehaztu duenez, hainbat kulturetako emakumezkoak Irurtzungo udaletxean elkartzen dira asteartero. "Elkarlanean, joan zen urtean boluntario talde bat sortu zen, hamaika pertsonaz osatuta dago". Haiek ere zikloaren antolakuntzan daude, baita Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Anitzartean bera ere. Arakilgo eta Irurtzungo Udalak, Atakondoa ikastetxea, Sakana Harrera Harana eta Nafarroako Gobernua daude. Azokari ekarpena egin dio ere Irurtzungo pintura tailerrak: koadroa eman du enkantean saltzeko.
Palestina
Aurkezpenera Mari Carmen Mata Ramirez oihalezko poltsa bat zuela joan zen. Alde batean, poltsa beltza da, eta bestean, berriz, Palestinako bandera ageri da. Matak azaldu zuenez, "Irurtzungo Udalak joskintza tailerra antolatu du. Astelehen eta ostiraletan izaten da. Hara joaten garen lauzpabostek erabaki genuen astero aparte elkartzea eta Palestinaren bandera zuten oihalezko poltsak egitea". Gaineratu duenez, "jubilatu elkartean ere joskintza taldea dago. Dozena bat izanen dira eta astearte eta ostegunetan elkartzen dira ehoziriak, kakorratza eta bestelakoak egiteko. Haiei gure proiektua aurkeztu genien, gustatu zitzaien eta poltsak egiten hasi ziren. Dagoeneko batzuk bukatuta dituzte".
Irurtzungo elkartasun azokan Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kideak izanen dira. Jostun irurtzundarrek haiei emanen dizkiete poltsak, sal ditzaten. "Gure asmoa da autogestionatuak izatea. Poltsak egiteko kostua kalkulatu dugu. Asmoa da poltsak salduz dirua ateratzea, poltsa gehiago egin ahal izateko. Beti ere, saltzen badira", azaldu zuen Matak. Lehen poltsak egin ahal izateko Itxipuru taldeak aurreratu du dirua.
Kultur arteko III. Elkartasun Zikloa
Maiatzak 3 larunbata
11:00, Irurtzungo Foru plaza
Elkartasun azoka, AGO elkartearekin elkartasunean
Maiatzak 10 larunbata
12:00, Egiarretako elkartean
Maiatzak 17 larunbata
11:00, Irurtzungo Foru plazan
Elkartasuna ehuntzen
Maiatzak 31 larunbata
10:00, Irurtzungo Foru plazan
Munduko Arrozak