San Miguel, beste baterako

Maider Betelu Ganboa 2025eko maiatzaren 19a

Txirrindulari taldea Etxeberrin, Madotzeko igoerari ekiteko prest.

Iragarritako alerta laranjak La Peluso martxa bete-betean harrapatu zuen. Nobedade gisa San Migueleko pistako kronoigoera jasotzen zuten bi ibilbideak bertan behera geratu ziren, eta 900 txirrindulariek Ibilbide Motza egin behar izan zuten

Irurtzun txirrindulariz bete zen maiatzaren 10ean. 1.500 txirrindulari zeuden izena emanda La Pelusoren bosgarren edizioan, antolakuntzak ezarritako muga beteaz. Sorpresarekin zetorren martxa zikloturista: bi ibilbide beharrean, hiru antolatu zituen La Peluso Cycling taldeak. Luzeak (153,47 km) Uharteko pistatik San Miguel igotzen zuen Lekunberritik jaitsi eta Leitza eta Saldiaseraino heldu eta buelta hartzeko. Ertainak (111,57 km) San Miguel kronoigoeraren ondoren Lekunberri inguruan buelta laburragoa egiten zuen, eta Motza (89,9 km) iazkoa zen, Madotzeko igoera zuena. Tamalez, eguerdirako alerta laranja iragarri zuen Nafarroako Gobernuak eta bertan behera geratu ziren bi ibilbide luzeenak. Irteera hartu zuten 926 txirrindulariek Ibilbide Motza egin behar izan zuten, eta horietatik 800ek osatu zuten proba ez lehiakorra. 

Azurmendi, Arroyo eta Arregi
La Pelusok bihotzeko gaixotasun batengatik iaz txirrindularitza utzi behar izan zuen Ibai Azurmendi Euskalteleko txirrindulari ohia eta 1986. urteko Reynolds-eko txirrindulariak omendu zituen. Azurmendi bera eta Reynolds-eko Angel Arroyo izan ziren hasierako zinta moztu zutenak. Eurekin batera Josefina Arregi Klinikako Fundazioko Joseba Arregi presidentea zegoen. Izan ere, aurten La Pelusok Sakanako klinika lagundu zuen, izena emateen kopuru bat bertara bideratuz eta 0 km-ko txartelak salgai jarriz. Arregik 4.912,20 euroko txekea jaso zuen antolakuntzako Santi Morenoren eskuetatik. 

Hasieran eguraldia alde izan zuten irteera hartu zuten 926 txirrindulariek, baina iragarpena ez zen okertu eta geroz eta ilunago zegoen zerua. Madotzeko igoeraren ostean bota zituen lehendabiziko tantak, gerora zaparradak izan zirenak. Txirrindulari guztiak Irurtzunen bueltan ziren eguerdirako. Ordurako boluntarioek prestatutako hornidura gune oparoa zuten zain. Txirrindulariek antolakuntzaren erabakia "ulertu eta eskertu" zuten, eta San Migueleko kronoigoera desiratua "hurrengo baterako" utzi zuten.