Aurten apustu handia zuen La Pelusok. Hiru ibilbide, iaz baino bat gehiago. Luzeak (153,47 km) eta Ertainak (111,57 km) San Migueleko kronoigoera jasotzen zuten nobedade gisa, eta Motza iazkoa zen, Madotzeko igoerakoa (89,9 km).
Bai, eta pena handiz Luzea eta Motza bertan behera utzi behar izan ditugu, Nafarroako Gobernuak 12:00etatik aurrera zehaztutako alerta laranjarengatik. Behin abisua jasota kasu egin behar zaio, bestela zerbait gertatuz gero ardura gurea litzatekeelako, La Peluso Cycling Taldearena. Horregatik, ibilbide Luzea eta Ertaina bertan behera uztea erabaki behar izan genuen, eta txirrindulari guztiek Motza egitea, alerta martxan jartzerako, 12:00etarako, txirrindulari guztiak Irurtzunen egoteko.
Nolako amorrua...
Bai ba. Guztia prestatuta genuen, ibilbide guztia seinaleztatuta, hornidura guneak prestatuta, lau anbulantzia, Luzean eta Ertainan 700 pertsonendako lau hornditura gune... guztia muntatuta zegoen. Asteazkenean hornidura guneetarako erosketa egin genuenean ez zegoen alerta abisurik.
Zer egingo duzue soberako elikagai eta bestelakoekin?
Banatuko ditugu.
Aralar zen aurtengo erronka berezia.
La Pelusorako 1.500 tokiak beteta zeuden, eta horietatik erdiak, 760k, Ibilbide Luzea aukeratu zuten, eta 540k Ibilbide Ertaina, San Migueleko kronoigoera jasotzen zutenak. Soilik 200ek eman zuten izena Ibilbide Motzean. Argi dago txirrindulariak San Miguelera zetozela eta Uharte Arakilgo pista igotzeko irrikaz zeudela. Datorrenean beharko du izan.
Eta nola hartu dute Ibilbide Motza egin behar izatea?
Denetatik dago. Gehienek ulertu dute, alerta laranjarekin ezin baita jokatu. Euria ez da arazoa. Duela bi urte euri asko egin zuen, proba jokatu zen eta ez zen arazorik izan. Arazoa zen alerta laranjarekin batera ekaitza gogorrak, haize bolada handiak eta agian kazkabarra egitea ere iragartzen zutela. Eta hori arriskutsua izan daiteke. Gertu harrapatzen bazaitu, gaitzerdi. Baina Leitzan edo Saldiasen harrapatzen bazaitu, zer? Zer egingo genuke horrenbeste jenderekin? Ez dugu txirrindulari guztiak jasotzeko gaitasunik ez bitartekorik, asko direlako. Sekulako putakeria izan da gertatu dena, argi eta garbi. Badago ulertu ez duenik ere. Motza egiteko guztia bertan behera utzi beharko genukeela... baina alerta 12:00etarako zen, eta jendea ez da konturatzen halako tamainako proba bat ezin dela bertan behera geratu. Irurtzungo karpa muntatzeak soilik 4.000 euroko gastua du. Beraz, atera kontuak, eta gu ez gara irabaziak dituen enpresa bat.
Zenbat boluntario aritu zarete lanean?
Guztira 50 pertsona inguru. Oso eskertuta gaude herritar guztiekin. Beraiek eta gure babesle eta laguntzaileez gain, ezingo genuke La Peluso aurrera atera.