Irurtzungo Biaizpe pilotalekuak 33. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak hartu zituen ekainaren 14an, Trinitateko festetan. Pilotalekuak itxura oso ederra zuen, urtero moduan. Jaialdia zabaltzeko, Gure Pilotako Astitzi eta Erauskini 18-25 gailendu zitzaien Beltza eta Gaintzarain, maila handian jokatutako pala partida oso lehiatuan.
Hura bukatuta, bigarren mailako finala hasi zen. Otxoa-Lizarraga bikote etxarriarrak (Irurtzun) Olasagasti-Villanueva (Behar Zana-Zugarralde) izan zituzten aurkari. Final oso paretsua espero zen, baina, azkenean, Olasagasti eta Villanueva gailendu ziren, alde handiz, Otxoa eta Lizarraga 12 tantotan utzita. Pena sakandarrek aurrera ez egitea.
Lehen mailako finalean txapelaren bat ziurtatuta zuen Irurtzun klubak, bi finalistetan klubeko ordezkariren bat baitzuen. Azketa (Tartaloetxe) eta Josu Bergera (Irurtzun) arruazuarra, batetik, eta Rekalde (Txumuluxueta) eta Cuairan (Irurtzun), bestetik, tentsio handiko partida izan zen. Nor baino nor lehiatu ziren bi bikoak eta oso estu jokatu zen partida. Azkenean, 18-22 gailendu ziren Rekalde eta Cuairan, azken hau Irurtzun klubeko Cortesko pilotaria.
Argazkiak: Irurtzun Pilota kluba.