Garagartzaroaren 18an despeditu zuen ikasturtea Atakondoa eskola publikoak. Ezohiko kurtso bukaera izan zen, ikastetxeko hezkuntza komunitatea patioan protesta elkarretaratzea egin zuen. Zabaldu zuten pankartan Hezkuntza duinaren alde, masifikaziorik ez irakur zitekeen. Ondoren etorri dira gela horretako gurasoen bilerak, masifikazioa irudikatzeko gurasoek gelan ateratako argazkiak, prentsara bidalitako gutunak eta Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztutako kexa. Azken hori hilaren 24an aurkeztu zuten. Ekimen horien guztien bidez heldu den urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. mailako gela baten bikoizketa eskatzen dute. Aurrera begira zer pauso emanen dituzten zehazteko bilera egin dute gurasoek. Hasteko, garilaren 3an, ostegunean, 13:00etan Hezkuntza Departamentuaren parean elkarretaratzea eginen dute. Bilkurak masifikaziorik ez, ez Atakondoan ez inon. Hezkuntza duin baten alde leloa izanen du.
Hilabete honetan ohartu ziren eskolan heldu den ikasturtean gela hori masifikatuta egon litekeela. Horren berri ikuskaritzari eman zion zuzendaritzak. Gurasoek egoeraren berri duela bi aste izan zuten. Gelan 30 ikasle eta irakaslea izanen dira. Gela horretako ikasle kopuruak oraindik %10 egin lezake gora, epez kanpo egiten diren ikasleen matrikulengatik. Hezkuntza legediaren arabera guztira 33 ikasle izatera irits litezke. Gainera, behar bereziak dituen ikasle bat ere hamar orduz ikasgelan izanen da, hezitzailearekin batera.
"Egoera larria"
Hala definitu dute gurasoek gela horretan gerta litekeena heldu den ikasturtean. Ziurtatu dutenez, "indarrean dagoen hezkuntza politikek eta azken itunak gure haurrek kalitatezko eta ekitatezko hezkuntza jasotzea eragozten du". Gaineratu dutenez, "irakasleen aldarrikapenen ondorioz, Hezkuntza Departamentuak DBHko ikasleen ratioa 30 ikasletik 28ra jaistea onartu bazuen ere, akordio hori ez da indarrean sartuko 26/27 ikasturtera arte. Beraz, datorren ikasturtea, legezkoa izan arren, gure seme-alabendako guztiz bidegabea den egoera bat pairatzera behartuta gaude". Gela masifikatzeak "ikasleen eta irakasleen benetako beharrak ez ditu kontuan hartzen", salatu dute.
Ikasleen gurasoen iritziz, "Hezkuntza Departamentuak zenbakiak baino ez ditu ikusten. Baina zenbaki horien atzean ikasleak eta familiak gaude, eta guztiok biziko dugu bidegabekeria hau, kalitatezko hezkuntza bermatu gabe egiten ari dena". Gela bikoizteko inbertsioa eskatu diote, haien seme-alabek "hezkuntza duin, gizatiar eta seguruak bermatzeko".
Galderak
Aurreikusten duten egoerak hainbat galdera sorrarazten die gela horretan seme-alabak dituzten gurasoei. Hasteko, "nola banatuko du irakasle batek 50 minutuko saio bateko denbora 30 ikasleren artean? Ikasle bakoitzeko 1,666 minutu dira. Horixe al da hezkuntza pertsonalizatua?" Gurasoak kezkatuta daude arreta faltagatiko nahasmendua hiperaktibitatearekin, dislexia edo bestelako zailtasunak dituzten ikasleek jasoko duten arretarekin.
Gurasoek gaztigatu dutenez, "behar bereziak dituen ikasleari tentsio egoeran areagotu egiten zaizkio epilepsia krisiak. Seguru al da ingurunea berarendako?" Ikasleen artean egon litezkeen jazarpen, liskar edo gatazka guztiak bideratzeko irakasleak behar besteko denbora izanen duen galdetu dute ere. "Edo 'parteak' eta kanporatzeak izango dira irtenbide bakarra? Hau da, pedagogikoki eskasa den bide bat?" Ikasleen tutorearen zereginari ere erreparatu diote gurasoek. "Zenbat denbora eskaini ahal izango dio tutoreak ikasle bakoitzari? Zein jarrerarekin sartuko da irakaslea egunero 30 ikaslerekin betetako gela batera? Gogoz ala estutasunez?"
DBH 2ko gelan 13 eta 14 urteko ikasleak izanen dira. "Zer-nolako bizikidetza izango da 30 ikasleak gela batean pilatuta daudenean?" Izan ere, gurasoek azaldu dutenez, gelan gaztetxoek "ia mugitzeko tokirik ez dute, aireztapena eskasa da eta batzuk ezin izanen dute arbelera ere begiratu?"
Ikasgelak duen espazioari ere erreparatu diote gurasoek. "Armairuak atera dituzte lekua egiteko, ikasle bakoitzeko 1,7 m² baino gutxiago daude, aire berrikuntza urria da, ergonomia arazoak daude, irakaslea ezin ibili ikasleen artean ibili…" Nabarmendu dutenez, "larrialdi egoera suertatuz gero, espazioa eskasa da, eta ebakuazioa bideraezina izango litzateke".
Bestalde, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek Hezkuntza Departamentuak eta Anpe, Afapna eta UGT sindikatuek sinatutako hitzarmenaren kontra egin dute. "Adostutako DBHko ratioen jaitsiera neurri kosmetikoa da, ez da eraginkorra".