Astekaria

Kaldereteen artean

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 15a

Antonio Vilches 'Kubala' eta Txomin Goñi, aurreko urteko kalderete txapelketako irabazleak.

Kalderete txapelketa festetako ekimenik bereziena dela esan dute Txomin Goñik eta Antonio Vilches 'Kubala'-k aurreko urteko txapelketaren irabazleek. Egun horretan, aurten ostiralean, "herri osoa elkartzen" da eta giro "oso polita" sortzen da.

Veni, vidi, vici. Iritsi, ikusi, irabazi. Txomin Goñi Sarasola sukaldaria eta Antonio Vilches Corral Kubala sukaldari laguntzailea aurreko urtean lehenengo urtez aurkeztu ziren Irurtzungo festetan antolatzen den kalderete txapelketara eta lehenengo urtez ere irabazi zuten. Hamalau plater aurkeztu ziren. Uztailaren 18an, ostirala, izanen da aurten txapelketa eta txapela berresten saiatuko dira. 

Kalderete on bat prestatzeko osagaiak "pazientzia, sukaldariaren eskua eta osagai onak" direla esan dute. Zeintzuk dira osagai horiek? Goñi: "Untxiarekin edo arkumearekin egiteko aukera zegoen, eta guk untxiarekin egin genuen. Gero barazkiak: piper berdea eta gorria, baratxuria, tipula eta azenarioa, hori guztia hasieran bota, eta gero patata". 

"Goiz osoa" pasatzen dute kalderetea prestatzen: "Etortzen zarenean lekua hartzen duzu eta osagaiak prestatzen hasten zara. 10:30ak aldera txistorra eta urdaia pixka bat egin hamaiketakoa hartzeko, eta gero patatak zuritzen joaten gara, untxia txikitu...". Pixkanaka egiten da lana. "Patatak azken hogei minutuetan egiten dira, eta untxia ordu erdian". Ordu eta erdi inguru pasatzen da hasten direnetik prest dagoen arte. 14:00etarako kaldereteak prest egon behar du: "Pixka bat kalkulatzen joan behar zara". Barazkiak "fin" moztu behar dira eta "garrantzitsua da patata labanarekin txakatzea, ez moztea". Pintxeak esan zuenez, "eskatzen nion guztia egiten zuen; lan guztia niretako". 

Giroa
Kalderete lehiaketan "giro oso polita" sortzen dela esan dute: "Gauza polita da. Kuadrilla bat geunden askotan elkartzen garenak, eta normalean aurkezten direnak gazte kuadrillak dira, baina aurkeztea erabaki genuen". Foru plazan karpa bat jartzen dute, eta bertan gazte kuadrilla jartzen direla aipatu du Goñik, "eta arkupeetan zaharragoak garenak egoten gara". Bakoitzak bere tokia hartuta duela esan du, "eta gu hemen jarri ginen (medikuaren kontsultategiaren ondoan); goiz jaiki behar gara tokia hartzeko". 

Udalak mahaiak, aulkiak, ogia -"taldearen arabera", eta ardoa jartzen du, eta talde bakoitzak osagaiak eta suak. "Egun berean izena eman behar da; etortzen zarenean, tokia hartu, eta udaletxera joaten gara izena ematera". 

Kalderetea egin ondoren, plater batean jarri eta epaimahaian aurkezten dute prestatutakoa. Plater bakoitzak zenbaki bat dauka behean, eta zenbaki hori talde bati dagokio; Goñi eta Kubalaren kuadrilla Kaldereroak ziren aurreko urtean. Kuadrilla bat lehiaketatik kanpo gelditu zen paella egitea erabaki zutelako. Epaimahaiaren gustuaren arabera ematen dituzte sariak, ez dago rubrikarik. "Gehien gustatzen zaiena, horrek irabazten du". Diotenez, nahiko susmagarria da urte luzez berdinek irabazi izana.

Hamabi pertsonarendako kalderetea prestatzen hasi, eta 30 bat bildu zen azkenean mahaiaren inguruan aurreko urteko festetan: "Badakizu zer gertatzen den: bat etortzen zen eta gelditzeko esaten genion; beste bat hurbildu eta gera zaitez! Harategira joan behar izan ginen untxi gehiago hartzera". Azkenean, hainbeste jende bildu zenez, "nahiko justu" gelditzen zirela esan du Goñik. Guztira, zazpi untxi behar izan zituzten. Kubalak gehitu duenez, jatera bai apuntatzen zela jendea, "lanerako, ordea, ez". 

Kalderete batendako ezinbestekoa "giro ona egotea eta ongi eramatea" dela esan dute irurtzundarrek. Biendako festetako ekimen gogokoena eta bereziena da, plazan sortzen den giroagatik: "Herri osoa elkartzen gara, eta egiten ari zaren bitartean bata eta bestea etortzen dira...". Bazkalostean Elektrokela elektrotxaranga izanen da. 

Erlazionatuak