Festek hasiera ezin politagoa izan zuten. Usua Ongayk, Ibai Viñasek eta Ari Burgosek festetako kartel lehiaketako sariak jaso zituzten eta 2024an jaiotako hamazazpi haurrek festetako zapia. Txupinazoaren ondoren kalejira koloretsua abiatu zen. Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsak lehenengo aldiz emakume bat du, Uxue Etxeberria, eta pozik hartu zuen ardura. Orritz dantza taldeak eta Irurtzungo fanfarreak ixten zuten kalejira. Festak "herrikoiak eta parte hartzaileak" direla nabarmendu zuen Unai Razkin alkateak, eta "errespetuz" jokatzeko eskaria egin zuen. Halaber, euskara erabiltzeko deia egin zuen, eta Palestina izan zuen gogoan.