Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak 2001etik 2022ra bitartean Irurtzungo Udaleko kontu-hartzailea izan zena zigortu du, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. Akusatuak ez du aurrekari penalik, eta 21 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, baina ez du bete beharko bi urtean beste delitu bat ez egiteko baldintzapean. Kargu edo enplegu publikorako urtebeteko desgaikuntza ere ezarri diote, jasan zuen diziplinazko kaleratzetik urtebeterako. Adostutako epaiarekin, auzipetuak saihestu egin du herri-epaimahaiarekin egin beharreko epaiketa.
Epaian jaso denez, Irurtzungo Udaleko funtzionario horrek, udal horrek hainbat banketxetan zituen kontu gehienetan sinadura baimendua zuela aprobetxatuz, 2017tik 2022ko irailera arte, gutxienez, udalaren kontuetatik hainbat diru-ateratze egin zituen erabilera partikularrerako, alkatearen baimenik gabe. Aldi berean, kontu horietan erabilitako dirua bueltatzen zuen. Bere nominaren hiru aurrerakin egin zituen. Horretaz aparte, akusatuak udal-kontuetatik hainbatean dirua atera zuen erabilera partikularrerako, ondoren bueltatzen zuena, bere beharrizanen eta egoera ekonomikoaren arabera. Diru mugimendu horiek inolako baimenik gabe egiten zituen, eta, beraz, diru publikoari aurreikusi gabeko erabilera eman zion. Gainera, nominak egiten zituen lan-aholkularitzari ere ez zion abisatu. Hala egin balu, sikiera nomina-aurrerakin gisa ager zitezkeen mugimenduak. Baina inori ezer jakinarazi ez zioenez, zaildu egiten zen ateratze horien gaineko edozein kontrol, udalarendako oharkabean pasa baitziren, 2022ko bigarren seihilekoan Kontuen Ganberak Irurtzungo Udalari auditoria bat hasi zion arte.
Akusatuak Irurtzungo Udalaren kontuetatik, erabilera partikularrerako eta behar bezalako baimenik gabe, 30.955,24 euro atera zituen 2017tik 2022ra bitartean. Dirua atera eta gutxira kopuru bera bueltatzen zuen. Banku-mugimenduetatik lortu ahal izan da kopuru hori. Horietatik Irurtzungo Udalari 25.166 euro bueltatu zizkion bere nominetatik dirua deskontatuz, eta 9.200 euroko transferentziak egin zituen dirua itzultzeko. Auzipetuari bidegabeko atzerapenen aringarria aplikatzen diote, auzia instruitu eta epaitzeko metatutako atzerapenagatik.