Irurtzunen garbigunea eraikitzeko lanak hasita daude

Guaixe 2025eko abenduaren 9a

Akaborro industrialdearen eta herrigunearen artean egonen da garbigunea.

Bi zirkuitu izanen ditu eta horietara autoz edo oinez sartu eta ateratzeko aukera izanen da

Irurtzungo Garbigunea eraikitzeko lanak Guillen Obras y Proyectos enpresa egiten hasi zen San Martin festen ondoren. Lanek 449.300 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Lanok finantzatzeko Sakanako Mankomunitateak hiru diru iturri ditu: Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko 259.300 euro, Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren 140.000 euro eta Hondakinen Funtsetik 50.000 euro. Garbiguneak Irurtzun, Arakil, Irañeta eta Uharteko 6.415 biztanle eta 49 saltokiri emango die zerbitzua. 

Garbiguneak 1.500 metro karratu inguruko azalera izanen du, eta bi altueratan banatuta. Goiko zirkuituak herritarrek industria edukiontzietara hondakinak botatzeko balioko du, behekoak, berriz kamioiek aipatu edukiontziak jasotzeko. Gainera, behean 6 industria-edukiontzi irekirentzako espazioa egonen da, baita hondakin batzuk jasotzeko etxola.