Sakanako Mankomunitateak abenduaren 12an, 2024 eta 2025eko Sakanako kirolaririk onenak saritu zituen Irurtzungo kultur etxean. Epaimahaiak azaroaren 27an erabaki zituen aurtengo sarituak, sakandarrek egindako proposamenak aztertuta. "Lana ez da batere erraza" nabarmendu du Amaia Gerrikagoitia Uriarte Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak. "Sakanan kirolari asko daude, kirol ezberdin askotakoak, eta kirolari onak, maila oso handian lan egiten dutenak, meritu askorekin. Beraz, aukeraketa oso zaila da".
Aukeraketa egiteko zenbait irizpide hartzen dituzte kontuan. "Ibilbide luzea daramatenak eta agian horren sarituak ez direnak izan, edo lorpen edo meritu handiak dituztenak... denetatik. Bestalde, hainbat herritako sarituak izendatzen saiatzen gara, eta kirol ezberdinetakoak".
Saritutako kirolari guztiendako, eta aukeratuak izan ez direnendako, hitz onak izan ditu Gerrikagoitiak. "Bai gazteak eta helduagoak ere bai, meritu handiko kirolariak dira guztiak, oso langileak".
Txirrindularitza, paleta goma, kickboxing-a, atletismoa, futbola, handbike-a, harri jasotzea, saskibaloia eta mendia dira saritu diren kirolak. "Guztiak sakrifizio handikoak. Gure kirolariek sekulako denboraldia egin dute. Gazte asko eta emakume asko batzen ari dira kirolera, eta pozik gaude". Kirol taldeek euskara bultzatzea da Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzutik bilatzen dena, eta kontentu daude urtetik urtera klub gehiagok konpromisoa hartzen dutelako.
Sakanako 2024ko eta 2025eko kirolari onenak
Luca Martinez Los Santos
Txirrindularia, 18 urte baino gutxiagoko Sakanako kirolari onena
Luca Martinez Los Santos txirrindulari sakandarra Aralar Txirrindularitza klubean trebatu zen, baina aurten, juniorren lehen urtean, Danena Tolosa taldera egin zuen salto. Juniorren bere lehen urtean ikusgarri aritu da. Guztira zortzi garaipen lortu ditu: Urvaca, Lukin, Obanos, Cervico de la Torre, Lacturale Trofeoa, Felix Errandonea Memoriala, Lizarrako Rio Ega Trofeoa eta Iruñeko Itzuliko Mendiko sailkapena, eta makina bat podium. Horretaz gain, Nafarroako errepideko junior txapelduna da, Nafarroako erlojupeko txapelketan hirugarren izan zen, eta Espainiako erlojupekoan hirugarren. Datorren urtean juniorren bigarren urtea jokatuko du, Danena Tolosarekin.

Maialen Larraza Senar
Palista, 18 urte baino gutxiagoko Sakanako kirolari onena
Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko Maialen Larraza Senar palista handia da. Aurten, V. Nafarroako Foru Komunitateko Emakumezkoen Paleta Gomako txapelduna izan zen lehen mailan, Inunciagarekin, eta GRABNI txapelketan txapelduna, Zabalzarekin bikotea osatuta Nafarroa ordezkatuz. Nafarroako Binakako Pala Txapelketan eta Banakakoan txapeldunordea izan da. Sakanako Nesken Pala Txapelketan, azken bi edizioetako lehen mailako txapelduna izan da, 2024an, Purroyrekin eta 2023an Maziziorrekin. 2024an Nafarroako Foru Komunitateko Paleta Goman txapelduna izan zen kadeteen mailan, eta Euskal Herriko Kluben Artekoan txapeldunordea, Lazkozekin.

Mohammed Hamdi Hajji
Kick boxing-a, 18-35 urte arteko Sakanako kirolari onena
Mohammed 'Moha' Hamdi Hajji irurtzundarrak palmares ikaragarria du kickboxingean. Espainiako selekzioarekin, 2019an munduko kickboxing txapelduna izan zen, 2022an Europako txapeldunordea, 2023an munduko hirugarrena eta 2025ean, azaroan berriki jokatutako WAKO World Championship pisu astunetan (-91 kg), munduko txapeldunordea izan da, Abhu Dhabin. 2024an Munduko Kickboxing Kopa irabazi zuen, seigarrena, bestelako lorpen zenbaezinekin batera. Aurten Espainiako Txapelketa irabazi zuen, zazpigarrenez. Pontevedrako gimnasio batekin fitxatu du eta bertan bizi da. Boxeoan eta bestelako modalitateetan aritzen da, eta mundu mailako konbateetan hartzen du parte.

Ane Berastegi Jaka
Txirrindularia, 18-35 urte arteko Sakanako kirolari onena
Ane Berastegi Jaka txirrindulari arbizuarra Aralar txirrindularitza klubean trebatu zen, eta Ecologicos Navarra Beratxa Sport Team taldeko txirrindularia da, pista txirrindularitzan espezialista handia. Aurten, nahiz eta mononukleosiagatik bere onenean ez egon, Nafarroako pista junior txapelduna izan zen, scratchean, puntuazioan eta kanporaketan, eta Espainiako Pista Txapelketetan hirugarren sailkatu zen. Bestalde, Espainiako selekzioarekin Munduko Txirrindularitza Junior Txapelketetan hartu zuen parte abuztuan, Apeldoornen. Bere taldea taldekako jazarpen modalitatean zazpigarren izan zen. 2026an afizionatuen mailara egingo du salto.

Iñaki Mujika Izagirre
Handbike-a, 35 urtetik gorako Sakanako kirolari onena
Iñaki Mujika Izagirre altsasuarrak motor gainean hasi zuen bere kirol ibilbidea. Motokrosean eta enduroan trebea, Nafarroako Enduro txapelduna izan zen eta denetariko lasterketetan parte hartu zuen. 2021ean Tierzeko motokrosean istripu larria izan zuen eta ordutik gurpildun aulkian mugitzen da. Hasieratik kirolean jarraitzeko grina izan zuen, eta 2023an handbike-an hasi zen. Aurten Salto 15K probako txapelduna izan zen handbike modalitatean eta Behobia Donostian laugarren sailkatu zen, baina lorpen handiena Bartzelonako Institut Guttmann taldekoekin Titan Desert Marocco egitea izan da. Basamortuko proba gogorra handbike-an osatu duten lehen kirolariak izan dira.

Maite Beregaña Ibero
Korrikalaria, 35 urtetik gorako Sakanako kirolari onena
Maite Beregaña Ibero uharte arakildarra atletismoan eta mendi lasterketetan aspaldiko ezaguna da. Sakanako lasterketan ahal duen guztietan aritzen da, eta etxeko proban, Uharte Arakil Beriain Km Bertikalean, ez du hutsik egiten; sarritan lehen uhartearra izan da, eta beteranoen podiumera igo izan da. Aurten, 2025ean, Etxauriko krosa irabazi zuen, bigarrenez, eta Artaxoako San Saturnino Sarian hirugarren beteranoa izan zen. San Blas krosa irabazi izan du. 2024an Orreaga Zubiri maratoi erdian hirugarren sailkatu zen, lorpen handia. Aurretik, 2023an, Gazteluaren Konkista lasterketa irabazi zuen, Aitzkibil lasterketa, Urdiainen, eta Ergoienako Bira, Unanun.

Arakilgo Zaldua futbol taldea
Sakanako kirol talderik onena
Arakilgo Zaldua futbol taldeak Elomendiko Futbol Txapelketan jokatzen du talde arakildarra sortu zenetik, duela 40 urte. Talde arakildarrak aurten 40 urte bete ditu, baina 40 urte gazte ditu, taldea guztiz eraberrituta dagoelako. Elomendiko txapelketa Nafarroan jokatzen den txapelketa herrikoi eta xumeenetako bat da. Zalduak Elomendi Txapelketaren 50. urtemuga ospatzeko torneoa irabazi zuen 2022an, eta Kopa duela lau urte.

Sakanako Harri Jasotze Eskola
Euskara gehien sustatu duen Sakanako kirol taldea
Sakanako Harri Jasotze Eskola 2004. urtean sortu zen, Mikel Lasarte arduradun eta monitorea zela. Hasieratik euskaldunendako arnasgunea izan zen, klaseak eta trebakuntza euskaraz baitzen. Aurten Lasarteren ikasle Jon Irañetak hartu du eskolaren lekukoa, eta ildo beretik jarraitzen du. Egun, 28 neska-mutiko trebatzen dira Sakanako Harri Jasotze eskolan, eta larunbatean jaialdi handia antolatu dute Irurtzunen, Eskolaren Txapelketa Mistoa.

AIPAMEN BEREZIAK
David Franco Perez
Aipamen berezia. Saskibaloia eta bestelako kirolak
Kirol talde eta proba asko aurrera ateratzeko ezinbestekoak dauden pertsona eta taldekide asko daude. Sarritan ez dira kirol emaitzei begira onenak ez irabazleak izaten; beraien lana taldea aurrera ateratzen laguntzea da, eta beharrezkoa denean babesa ematea. David Franco Perez altsasuarra da horietako bat. Urte zenbaezinak daramatza Altsasuko CBASK saskibaloi taldean denetariko lanak egiten eta beharrezko laguntza ematen. Emakumezkoen saskibaloi senior taldeko laguntzailea da. Horretaz gain, Sakanako Bizikleta Egunean urtero parte hartzen du; eguraldia ona edo txarra izan, ez du sekula hutsik egiten. Eta bestelako kirol ekimenetan laguntzeko prest dago beti.

Iratxo mendi taldean denbora gehien daramatenak
Aipamen berezia. Mendia.
Iratxo elkartea 1984an sortu zen, eta hasieratik Iratxo mendi taldea elkarteko batzorde garrantzitsua izan zen. Iratxoko mendi taldeko kide gehienak aurretik zegoen Lagun Berriak taldekoak ziren. Mendizale beterano hauek mendizaletasuna sustatzen lan nekaezina egin dute urte hauetan. Sakanako Ibilaldia mendi ibilbide ezaguna antolatzeaz gain, urteko mendi irteerak, mendi zikloak eta kanpaldiak prestatzen dituzte, eta Ergako Aginagako Trinitatean makina bat auzolan egin izan dituzte, aterpea ahalik eta baldintza hoberenetan mantentzeko. Beteranoenek 50 urtetako jarduna dute Irurtzungo herriaren eta inguruneko mendiaren alde lanean.
