Gure kirolari onenak, sarituak

Guaixe 2025eko abenduaren 16a

Sakanako Mankomunitateak sei kirolariri, bi talderi eta bi aipamen bereziri aitortza egin zien

Abenduaren 12an Irurtzungo kultur etxea txiki geratu zen 2024 eta 2025 urteetako Sakanako kirolari onenen sari emate ekitaldirako. Saritutako kirolariak banaka igo ziren agertokira, Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak euren ibilbidea eta merituak izendatzen zituen bitartean. Txiki Iriarte, Arantzazu Larrañaga eta Javi Moreno zinegotziek banatu zituzten oroigarriak. 

18 urtez azpiko kirolari onenen sariak Luca Martinez Los Santos txirrindulari lakuntzarrak eta Maialen Larraza Senar palista etxarriarrak jaso zituzten; 18-35 urte bitartekoak Mohammed Hamdi Hajji kickboxing borrokalari irurtzundarrak eta Ane Berastegi Jaka txirrindulari arbizuarrak; eta 35 utetik goragoak Iñaki Mujika Izagirre handbike kirolariak eta Maite Beregaña Ibero korrikalari uharte arakildarrak. Talde onenaren saria Arakilgo Zalduak jaso zuen, eta taldearen izenean Pello Garciak jaso zuen oroigarria, eta euskara gehien bulkatzen duen taldearen saria Sakanako Harri Jasotze Eskolarendako izan zen. Jon Irañeta Poyo koordinatzaileak jaso zuen. Azkenik, aipamen berezi jaso zuten David Franco Perez altsasuarrak, CBASK-en, gimnasia erritmikoan eta txirrindularitzan ematen duen laguntzagatik eta parte hartzeagatik, eta Irurtzungo Iratxo mendi elkartean denbora gehien daramatenek, mendian eta herrigintzan egindako lanarengatik. Manolo Morenok jaso zuen saria. Guztiak "oso eskertuta" azaldu ziren.