Azken bi urteetako eguraldi petralaren ondoren, aurten eguzkiak presente egon nahi izan zuen Irurtzungo Iratxo elkarteak apirilaren 25ean antolatutako 35. Sakanako Ibilaldian. Mendizaleendako “gozamen hutsa” izan zen ibilaldian parte hartzea.
Guztira 1.174 mendizale zeuden izena emanda, eta horietatik 1.137k hartu zuten irteera. Pasaia zoragarria eta primerako udaberriko eguna izan zuten bidaide. Gehienek, 552 mendizalek, Ibilaldi Motza aukeratu zuten, (25,5 km, 1.440m+), Itxasperri, Madotz, Larrazpil eta Erga biltzen dituena. Ibilbide Luzera (54 km, 3.388 m+) 290 mendizale animatu ziren, Txurregi, Beriain, Aralarko San Migel eta Erga batzeko. Azkenik, Ibilbide Txikia 295 mendizalek hautatu zuten (14 km, 736m+), Erga, Latasa eta Arrantzaleen Bidea lotzeko.
Mendizaleak gustura, eta antolatzaileak zer esanik ez, bereziki aparteko arazo larririk gertatu ez zelako, neska batek eskuan izandako ebaki txikia izan ezik. “Irteera hartu zutenetatik ia guztiek bukatu zuten, txorkatila bihurritu zuen batek izan ezik. Jendeak poz-pozik bukatu du” adierazi dute.
Manolo Moreno: "Eguraldia dena da. Irteera hartu zuten gehienek osatu zuten bidea"
Aurten El Salvadorren alde
Sakanako Ibilaldiak El Salvador Elkartasuna GKE lagunduko du. Izen emate bakoitzeko 2 euro bertara bideratuko dira, maiatzeko afari solidarioan eta bestelakoetan bildutakoarekin batera. Bildutakoa El Salvadorreko iparraldeko emakumeen artean heziketa eta osasun sexuala lantzeko proiektura bideratuko dute, umetoki-lepoko minbizia eta bular minbiziaren prebentzioa egitera. Erakundea "oso eskertuta" azaldu da.
Antolakuntza, pozarren
Iratxo elkarteko Manolo Morenok GUAIXE IRRATIA-n azaldu zuenez "eguraldia dena da. Iaz zenbat sufritu genuen pentsatzen jarrita...". Beriaingo kontrolekoek pasadizo bitxia bizi zuten. "Iazko ibilaldian ia hipotermiak jota zegoen gizon batek une horretan lagundu zuena ikusi zuen, eta eskerrak ematera joan zitzaion, "bizitza salbatu zenidan! esaten ziola. Hunkigarria, benetan".
Halako pasadizo bitxiak eta gehiago bizitzen dira Sakanako Ibilaldian. "Ez dakigu noiz arte iraungo duen, baina ikaragarria da". Aurten inoiz baino boluntario gehiago izan direla kontuan hartuta, badirudi luzerako izango dela.
Ibilaldiaren jatorriaz aritu zen. "Irurtzungo zaharrek kontatzen zuten izan zela apaiz bat, Don Juan izenekoa, hiru ermitak, Ergako Trinitatea, Beriaingo San Donato eta Aralarko San Miguel, lotzeko ametsa zuela. Hasi ginen Irurtzundik abiatu eta San Donatora, Uharte Arakilera jaitsi eta San Miguelera, handik Larrazpilera eta Irurtzunera. Gero, jendeak eskatuta, Trinitatea sartzera ausartu ginen. Eta jendea pozik". Gainontzekoa, historia da.