Txirrindularitza

La Peluso, are ikusgarriagoa

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 18a

Txirrindulariak, San Migeleko maldetan gora.

Eguraldia lagun, gozatu ederra hartu zuten Irurtzungo martxa zikloturistan parte hartu zuten 1.170 txirrindulariek. Gehienek San Migel igotzeko motibazioa zuten, erronka gisa hartu zutena.

1.170 txirrindulari inguru bildu ziren Irurtzunen La Peluso Cycling taldeak antolatutako VI. martxa zikloturistan, eta eguraldia bidaide izan zuten. Aurten antolakuntzak 1987ko Reynolds taldeko txirrindulariak omendu zituen, eta orduko lau izan ziren zinta mozketan: Herminio eta Pedro Diaz Zabala anaiak, Enrique Carrera eta Fernando Pacheco. Euren taldekide ohi asko Kanariar Irlan zeuden, txirrindularitza promozio ekimen batean. 

San Migelek erakartzen du
Gehienek, 570 txirrindulari inguruk, ibilaldi luzea (155 km) aukeratu zuten, 430ek ibilbide ertaina (110 km) eta gutxienek, 170 inguruk, ibilaldi laburra (87 km). Aurten neska gutxiago aritu ziren, 98. Goñiko buelta guztiek elkarrekin egin zuten. Ibilbide laburrekoek Zuarrarrate igo zuten, Madotzetik Larraun aldera joateko, eta gainontzekoak Uharte Arakileraino iritsi ziren, San Migel igotzeko. Iaz ez zen posible izan, eguraldi alertengatik, eta horregatik aurten irrikaz zeuden. Gainera, antolakuntzak igoera (9,39 km, 751 m+, %8) kronometratu zuen, eta askok erronka gisa hartu zuten, berriki Itzulian 19 urteko Paul Seixas frantziarrak errekor berria ezarri baitzuen (24:56), 2014an Fabio Aruk ezarritakoa 1:56an apurtuz. Zalantzarik gabe, San Migel eguneko sentsazioa izan zen. "San Migelek jendea izugarri motibatu du. Oso prestatuta datoz, eta kaña eskatzen dute. Baina San Migel oso gogorra da..." zioen Santi Moreno koordinatzaileak. Kronoigoerako denborarik onena Asier Irigoienek (32:00) eta Andrea Estebanek (45:08) lortu zuten. 

Albiko atsedena
San Migeleko igoeraren ondoren, txirrindulari gehienek Albiko hornidura gunean berreskuratu zituzten indarrak. Denetatik zuten eskura: kafea, fruitu lehorrak, fruta, denetariko gozoak, ogitartekoak... "Kafeak eta sandwich-ek sekulako harrera izan dute, gazta eta menbrilozkoak bereziki" aipatu zuen Luchi Osinaga boluntarioak. Egunean guztira 50 boluntario aritu ziren lanean. Txirrindulariek ur botila betetzeko probestu zuten geraldia; ura edo gatz mineraldun ura zuten aukeran. Askok egunkari orriak hartu zituzten Lekunberriko jaitsieran hotzetik babesteko, "Onena da", zioten. 

Lekunberrin ibilbide ertainekoek Irurtzungo bidea hartu zuten eta luzekoek Leitzaldera egin zuten aurrera, Saldiasetik barna buelta eman eta Irurtzunera heltzeko. Helmugan, eguneko abenturak aipatu zituzten, paella gozoa dastatzen zuten bitartean. Eguraldiak eutsi zion, eta La Peluso txirrindularien festa handia izan zen.

5.500 euro eskolendako
La Pelusok 4.000 euro bideratu ditu Nafarroako bederatzi txirrindularitza eskolak laguntzera, eta Hydrok beste 1.500 euro. 

San Migel igoerarekin, "oso pozik"
La Peluso Cycling taldeko Santi Morenok balorazio ezin hobea egin du. "Oderitz jaisterakoan erorketa bat egon zen, baina zorionez ez zen ezer larririk izan. Eguraldiak ongi eutsi zuen, tenperatura ona zegoen, eta hornidura guneek harrera ona izan zuten; bukaeran zerbitzu ona ematen saiatzen gara, paella ona ematen, eta jendea bazkariarekin eta, orohar, denarekin pozik joan zen etxera". San Migelek sekulako arrakasta izan zuen. "Itzulian eta Vueltan igo izan da, eta txirrindulariek asko baloratu zuten guk aurten ibilbidean sartu izana. Oso gogorra zela zioten, askok sorpresa hartu zuten". Dagoeneko hurrengo edizioari begira jarri dira. "Datorren urtean 1988ko Reynolds omenduko dugu. Ea aurtengo zorte berbera dugun, eguraldia oso garrantzitsua baita". 

Erlazionatuak