Martxoaren 28an hasi zen 34. Irurtzungo Pilota Txapelketa. Lehen mailan hamasei bikote lehiatu dira, eta bigarren mailan beste horrenbeste. 32 bikote edo 64 pilotari guztira, afizionatuen mailako hoberenak. Final handiak maiatzaren 29an, ostiralarekin erabakiko dira. Irurtzun klubeko presidente eta arduradun Miguel Beraza Loidik goi mailako final estu eta gogorrak aurreikusten ditu.
Irurtzun Pilota Txapelketa Nafarroan ospe handikoa da. Aurten 34. edizioa bete du, eta maila handikoa izaten ari dela dio katedrak.
Txapelketa, oro har, borrokatua izan da. Lehia handiko partidak izan dira, bereziki final laurdenetakoak eta finalerdietakoak. Partida oso-oso gogorrak. Nafarroako afizionatuen pilota zirkuituari erreparatuz gero, gurea lehen eta bigarren mailan jokatzen den torneo bakarra da, Nafarroako Pilota Federazioko txapelketak kontuan hartu gabe, jakina. Praktikoki Nafarroan ez dago maila honetako halako beste torneorik. Horregatik, oso pilotari onak datoz, hoberenak. Gustura etortzen dira. Tamalez, zenbait pilotari kanpoan gelditzen dira, ez baitago datarik guztiek jokatzeko aukera izan dezaten. Nafarroako Federazioak pilotari nafarrei lehentasuna ematea eskatzen digunez, gutxienez Nafarroako klub bakoitzeko bikote bat hartzen dugu, baina horretaz gain Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Errioxako pilotariak etortzen dira. Txapelketa ederra izaten ari da.
Bigarren mailako finala Irurtzun klubeko Salaberria anaiek eta Lazkaoko Lapkeko Egiguren eta Ormaetxek jokatuko dute. Zer nolako finala aurreikusten duzu?
Finalerdietan Salaberria anai goizuetar gazteek 22-18 hartu zituzten mendean euren taldekide Armendariz eta Azanza beteranoagoak, eta Egiguren eta Ormaetxek 20-22 irabazi zieten Irurtzun klubeko Murgiondori eta San Cosmeko Plazari. Lehia gogorra izan zen bi partidetan. Pareko finala aurreikusten dut, baina esango nuke gipuzkoarrak pixka bat faboritoagoak direla. Adin gehiago dute eta eginagoak daude, indartsuagoak dira eta esperientzia gehiago dute. Nolanahi ere, partida zaila izango da. Nahiz eta salaberriatarrak jubenil mailakoak izan, alde horretatik, samurragoak, oso onak dira. Etorkizun handia dugu eurekin, enpresa profesionalek kentzen ez badizkigute, behintzat. Izan ere, biek talentua dute.
Lehen mailan Irurtzun klubeko Igoa-Arbizu etxarriarrek Hernaniko Apaolaza-Alberdi dituzte aurkari. Finala nola ikusten duzu?
Faborito argiak Josu Igoa eta Aaron Arbizu dira, argi eta garbi. Bikote etxarriarra gaur egun afizionatuen mailan dagoen bikoterik onenetakoa da. Eurek ez irabaztea sorpresa handia litzateke.
Azken bi urteetan ikusgarri ari dira Igoa eta Arbizu. Aurten Errege Kopako txapeldunordeak izan dira.
Azken bi denboraldietan uneoro daude txapelketa guztietako finaletan, finalerdietan... Ia dena irabazten ari dira edo, gutxienez, finalerdietara edo finaletara sailkatu dira. Gorenean daude. Berriro diotsut, Etxarri Aranazko bikotea oso potentea da.
Miguel Beraza: "Igoa-Arbizu bikote etxarriarra afizionatuen mailan dagoen bikoterik onenetakoa da"
Azken urteetan Irurtzun Pilota Txapelketako finalak Irurtzungo Trinitateko festetako larunbatean jokatzen ziren. Aurten zergatik aurreratu dituzue ostiralera?
Larunbatean GARFEko Binakako Txapelketako finalerdiak jokatuko dira Sorian, eta pilotariren bat baino gehiagok bi txapelketetan sailkatzeko aukera zuela ikusten genuenez, gure finalak ostiralera aurreratzea erabaki genuen. Jaialdi oso polita izango da. Hasteko eta behin, Emakumeen VI. Nafarroako Foru Komunitate Pilota Torneoko partida bat jokatuko da, 17:45ean hasita. Sagardui-Mendizabalek Ibarrola-Ruiz de Larramendi izango dituzte aurkari. Finaletarako txartelak daude jokoan, eta partida ikusgarria espero da. Eta ondoren gure bi finalak erabakiko dira.
Irurtzungo finalak ikustera pilota zale asko hurbiltzen dira. Uste duzu ostiralera aurreratzeak ikusleengan eragina izango duela?
Ez dut uste. Finaletan beti jende asko hurbiltzen da Bi Aizpe pilotalekura. Iazko txapelketan sarrera oso onak egon ziren txapelketan barna, baina aurtengoan sarrera hobeak egon izan dira, eta sekulako giroa. Txapelketa urtetik urtera gora doa, eta uste dut finaletan ere hala izango dela, frontoia beteta egongo dela.
Egun aldaketa hori behin betiko izango da?
Ez dakit, ikusiko dugu. Momentuz, ea aurtengo denboraldia nola bukatzen den. Gure txapelketaz gain, NKJ-etako Nafarroako Txapelketak izan ditugu, Euskal Herriko Kluben Artekoa, Nafarroako Herrien Artekoa hasi berri da... torneo eta txapelketa asko dira.
Orain arte zer moduz joan da denboraldia?
Denboraldia ona izan da. Txapelketa guztietan egon gara borrokan. Ohorezko mailako Nafarroako Binakakoan Igoa eta Arbizu finalerdietan erori ziren, baina garrantzitsuena da lehen mailako bikote bat ohorezko mailara igo dela, eta datorren urtean Ohorezko Mailan bi bikote izango ditugula, lehen mailan hiru eta bigarrenean bikote bat. Beraz, sei bikote izango ditugu Nafarroako Txapelketan lehian. Espainiako Txapelketan ligako finala jokatzeko sailkatzear egon ginen, baina buruz burukoan arazoak izan genituen lesioak eta eskuko mina zirela, eta pixka bat herren aritu ginen. Hala ere, helburua lortu genuen. Eta Espainiako Kopan, esandakoa, txapeldunordeak izan ginen.
Miguel Beraza: "Oro har denboraldi ona egin dugu. Fronte guztietan egon gara borrokan"
Eta bestelako txapelketetan?
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan edo Euskal Ligan, ohorezko mailako seniorretan finalerdietan erori ginen, Lazkaoko Lapkeren kontra, baina jubenilen mailan, ordea, salaberriatarrek Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa irabazi zuten. Bestalde, Nafarroako selekzioarekin jokatuta, Espainiako jubenilen Txapelketa irabazi zuten salaberriatarrek. CMO Esku Pilotako Kluben Ligan igandean final laurdenak jokatu genituen Larraunen kontra, Lekunberrin, eta 2-1 galdu genuen. Beraz, oro har, denboraldian ongi egon gara. Fronte guztietan ongi lehiatu gara.
Nafarroako kluben artean Irurtzun klub indartsua da, top-a.
Bai, Nafarroako pilota kluben artean gorenean dago, Oberena eta Larraunekin batera, jubenilen eta senior mailan. Txikienen mailan, aldiz, Bera eta Bortzirietan lan egiten duen Txarutakoek dominatzen dute gehiago. Gaur egun Irurtzunek 65 pilotari fitxa inguru dauzka, pozik gaude.