Areto futbola

Tatono Arregi ez da Xotako presidentea; Ramon Lazarorena da kargua

Guaixe 2026ko uztailaren 7a

Tatono Arregi. XOTA

1978tik Xotako presidente izandako Tatono Arregik ez du karguan jarraituko; lehendakaritza Ramon Lazaroren eskuetan dago, Ribera Navarrako presidente, Tudelanoko jabe ohia eta bederatzi delitutan inputatutako Erriberako enpresarian.

Xotarendako garai gogorrek segida dute. Uztailaren 1ean notariotza batean izandako bilera baten ondoren, talde irurtzundarraren geroa argitu da: 1978an Irurtzungo kluba sortu zenetik presidente zen Tatono Arregik ez du karguan segituko; entitatearen kudeaketa eta lehendakaritza Ramon Lazaroren esku daude. Xota klubak hala jakinarazi die langile eta jokalariei, Whatsapp mezu baten bidez. 

Ramon Lazaroren asmoak zeintzuk diren jakitea da falta dena. Izan ere, Corellako enpresaria, Ribera Navarrako presidente eta Tudelanoko jabe ohia, bederatzi delitutan inputatuta dago. Lazarok Ribera Navarrako kasuan alde batera egiteko asmoa azaldu zuen, baina Xotarekin zer egingo duen ez du azaldu. 

Xota klubak bere webgune ofizialean 2026/2027ko Liga Prime Futsal egutegia argitaratu zuen ekainaren 30ean, eta Osasuna Magna Xotak irailaren 13an Jaen Paraiso Interior hartuko duela azaldu. Xotak lehen mailan izena emateko epea uztailaren 15ean despeditzen da, eta ikusi behar zertan gelditzen den guztia. 

Bukaera tristea
Tatono Arregi Xotaren alma materra izan da 1978tik, Irurtzungo areto futbol kluba sortu zenetik. Ibilbide luze honetan lemazain bikaina izan da, pasioz bizi izan du areto futbola eta eurek sortutako kluba, eta 1998an taldea lehen mailara igo zenetik, gogor borrokatu du beharrezko baliabideak eta babesleak lortu, eta klubak martxa egokia izan dezan. Klubarengatik dena eman du. 

Horregatik bere despedida tristea da, kluba egoera kritikoan baitago. Urte hasieran Tatono Arregi komunikabideen aurrean agertu zen, Xotaren etorkizuna bermatzeko entitate berri bat beharrezkoa zela azaltzeko, juntako kideak jubilatuak zirela, eta “jende gazte eta ekintzailea” behar zela argi utziz. Kluba inbertitzaile berrien bila hasi zen, eta horietako bat Ribera Navarrako presidente Ramon Lazaro zela jakin zen, hain justu Lazaro kasuak eztanda egin zuenean. Ramon Lazaro ustelkeria trama batean inplikatuta omen dagoelako atxilotu zuten, hainbat delitu leporatuta. Besteak beste, partiden emaitzetan iruzurra egitea, bere areto futbol klubetatik bere aberastasun propiorako dirua hartzea, eta apustu ilegalak egitea leporatzen zaio. 

Tatono Arregik Xotako Ramon Lazaro inbertsoreetako bat zela adierazi zuen, baina Xotak ez duela ezkutatzeko ezer eta bere jarduna legearen barruan egon dela beti. “Legedia zehatz eta mehatz bete dugu beti, sare sozialetan esaten ari diren falaziak ukatzen ditut. Ez da inolako praktika irregularrik izan alor ekonomikoan, kirolekoan edota administratiboan. Zorroztasunez esaten dut, inoiz ez dugu ezer arrarorik egin, ez dugu ezkutatu beharrik”.