Urduri, hunkituta, harrituta eta oso eskertuta zegoela esan zuen Blanka Ilundainek Irurtzungo festetako txupinazoa piztu aurretik. "Jende askok esan dit: zorionak, merezi duzu!". Ezin sinistu zegoen, eta momentua iritsi arte ez zuela sinistuko aitortu zuen. "Baietza eman nuen momentutik sekula ez nuke pentsatuko izendatuko nindutenik, gutxiago ere aukeratu".
Nola jaso zenituen proposamenak?
Guztia Itziar Matxain Irurtzungo Kultura koordinatzaileak esan zidan. Lehenengo aldia da bozketa bidez egiten dela, eta hautatua izan nintzela. Zur eta lur gelditu nintzen, benetan. Lehenengoa, noski, sorpresa hutsa izan zen, eta bigarrena ziur nengoen ez ni nintzela aterako. Pertsona bakar bat talde baten aurrean, horrelakoetan taldea ateratzen da. Gainera, pena eman zidan Antzerki Tailerragatik; 25 urte bete dituzte eta bertan Txeli dago, hasieratik dagoena, eta ilusio handia zeukan. Gero ere Pakita eta Pello egon ziren taldea, eta hil ziren, eta beraiekin gogoratu nintzen.
Zer esan duzu?
"Suziria hiru ataletan irudikatzen dut: Atakondoa; herriko kolektiboak eta euskara"
Bi ideia oso argi ditut; euskaraz eta gaztelaniaz. Lehenengo eta behin eskerrak eman niri aukera emateagatik eta nire eskuetan jartzeagatik txupinazoaren jaurtiketa. Nik suziria hiru ataletan irudikatzen dut: txinparta, Atakondoan euskal eskola publikoaren hastapenak; keak uzten duen lorratzak irudikatzen du herriko kolektiboak, herriari kohesioa eta nortasuna ematen diotelako: gizarte, kultura, kirol taldeak, elkarteak, baita antzerki tailerra ere, noski, eta eztanda euskara entzun dadila kalean, festetan, agurretan, abestietan... Ozen eta harrotasunez!
Bizitza euskarari lotuta izan duzu. Zein izan da zure ibilbidea?
Irakaslea izan naiz. Gazte-gaztea etorri nintzen hona. Momentu horretan euskarazko hiru gela zeuden bakarrik. Hiru neska gazte etorri ginen, Margari, Mari Jose eta ni. Eskolatik kanpo ere Aizpean egon nintzen eta orain Mintzakiden. 30 bat urte daramatzat Olentzerori ongietorria ematen, itzulpenak egiten... Beti euskararen inguruan; hori izan da nire bizitza, lana eta ardura. Baina normaltasunez egin dut. Irakaslea zarenean transmititu nahi duzu; ezer berezirik ez dut egin. Lana ahalik eta hoberen egin, eta herrian txertatu. Jubilatu nintzenean duela zortzi urte 24 gela zeuden euskaraz. Ez da nire lana bakarrik izan; eskola komunitatearen lana izan da. Oso harro nago. Gure ikasle asko, unibertsitatera joan dira eta irakasle dira.Ez da niregatik bakarrik, baina bai esaten didatela: irakasle izan nahi dut, zu bezala!
"Niretako txupinazoaren eguna polita da; festetan ere egunero ateratzen naiz"
Normalean non ikusten duzu txupinazoa?
Ni beti joaten naiz txupinazora. Beti interesatzen zait nork jaurtitzen duen. Berehala hasten dira erraldoiak eta dantzariak herrian barna txarangarekin. Umeak txikiak zirenean kalez kale joaten ginen. Urte askoz egon naiz txoznan zerbitzatzen. Niretako txupinazoaren eguna polita da. Gero Iratxon afari handia egiten dugu.
Aurten desberdina izan da.
Udaletxera nirekin lankide ohiak etorri dira, lagunak direnak, senarra Andosillakoa da eta bertako kuadrilla etorri da, Astraingoa naiz eta bertatik familia etorri da ere... Gero hotelera zizka-mizka jatera gonbidatu ditut. Balkoian nirekin semea, Gorka Inda Pakitaren semea eta nire lehenengo taldeko ikaslea, Lujan Mintzakide programan dagoena, oraingo ikasle bat eta garai hartako irakasle bat egon dira. Oso hunkigarria.
Festetarako zer plan?
68 urte ditut eta egunero ateratzen naiz, eta egunero dantzatzen dut Larrain dantza. Jende asko biltzen da. Egunero Iratxora afaltzera joaten gara, plazan dagoena ikusten dugu... Orain egunez gehiago ateratzen gara, gauerdira arte.