Astekaria

"Egunotan 'bizirik gaude' esaten dugu; duela aste batzuk ez geunden bizirik"

Maider Betelu Ganboa

Irurtzundarra Xotari lotuta egon da beti: jokalari ohia harrobiko arduraduna eta lehen taldeko bigarren entrenatzailea da. XOTA

Desagertzear egon den Magna Xotak lehen mailako Liga Prime Futsal berrituan jokatu zuen ligako lehen partida, Anaitasunan. Lehen maila zaila dute aurretik, baina gogotsu daudela azaldu du Roberto Martil harrobiko arduradun eta lehen taldeko bigarren entrenatzaileak. 

Garai latzak ditu eta oraindik ere bizitzen ari da Xota areto futbol klub irurtzundarra. Zorionez, Sentimiento Verde izeneko plataformak hartu du taldearen zuzendaritza, kluba, aste batzuetan zehar, iruzurragatik epaitua izanen den Ramon Lazaro enpresari korellarraren esku egon eta ia desagertu eta gero. Zuzendaritza berriak taldeari itxaropenerako bidea eman dio, eta uneotan berpizkunde eta berreraikitze prozesuan murgilduta dago Xota. Egoera ez da erraza, baina irailaren 11n, Anaitasunan Jaen Paraiso Interior taldea hartu, eta 2026/2027 Liga Prime Futsal berrituan "gogoz" hasi zirela nabarmendu du Xotako harrobiko koordinatzaile eta lehen mailako taldeko bigarren entrenatzaile Roberto Martil Fernandezek.

Xota 1978an jaio eta 1998an lehen mailara igo zenetik taldeak denboraldi gorabeheratsuren bat izan badu, aurtengoa izan da. 
Gorabeheratsua, erabat. Egia esan, goraldiak baino, beheraldiak izan dira gehiago. 

Joan zen denboraldian, azkeneko postuetatik atera ezinik, lehen mailari eusteko borrokan izan zineten. Juntak Imanol Arregi taldeko entrenatzaile historikoarengana jo zuen, azken txanpan taldea gida zezan. Salbazioa azken jardunaldian lortu zen, denboraldi oso zailean. 
Oso denboraldi gogorra izan genuen. Partidak irabaztea kosta egiten zitzaigun, eta gero, gainera, entrenatzaile aldaketa izan genuen. Miguel Hernandez kanporatzea latza izan zen. Imanol Arregi etorri zen eta mailari eutsi genion, eskerrak. Azkenean salbatu ginen, baina oso gogorra izan zen.

1998/1999 denboralditik lehen mailan dago Xota, baina kategoriari eustea ez da erraza. Taldeek geroz eta maila handiagoa dute.
Lehen El Pozo Murcia, Inter Movistar eta Barça ziren faboritoak, eta gainontzekoak paretsu aritzen ginen. Orain aipatutako hiruez gain, Palma, Cartagena, Jaen... zazpi-zortzi talde dira kategoriako faboritoak. Behealdean dauden taldeen maila igo da. Ondorioz, lehenengo maila geroz eta politagoa da, baina geroz eta gogorragoa.  

"Eskerrak Sentimiento Verde plataformak Xotaren ardura hartu zuela. Bestela..."

XOTA, KINKA LARRIAN
Lehen mailari eutsi, baina gutxi iraun zuen pozak. Liga bukatu berri, guztiak eztanda egin zuen. Klubak inbertsore berria lortu zuen, Ramon Lazaro enpresaria eta Ribera Navarrako presidentea, eta bera egin zen klubaren jabe. Baina kirol ustelkeria kasuengatik atxilotu zuten, eta epaitua izango da. Eskandaluak Xota bete-betean harrapatu zuen, eta klubaren beraren existentzia kolokan egon da. 
Aurreko denboraldia gogorra izan zela aipatu dugu, baina ondoren etorri zena, uda, askoz ere latzagoa izan da. Kluba pertsona horren eskuetan erori zen, eta berarekin egotea oso zaila izan da. Lankide batzuek kluba utzi zuten, beste batzuei kanpora joateko esan zitzaien... Etxeko jokalari batzuek, Dani Saldisek eta Ion Cerviñok, joan behar izan zuten. Jokalariei askatasun eskutitza eman zitzaien eta iazko plantilla ia osoa joan zen. Guztia oso zaila izan da. Eskerrak aldaketa etorri zela eta Sentimiento Verde izeneko plataformak hartu duela Xotaren ardura eta zuzendaritza, klubetik oso gertu dauden pertsonak. 

Sentimiento Verde plataforma Xotaren egoerari irtenbide bat emateko sortu zen. Zuzendaritza eskuratu, eta Asier Cotelo da presidentea, 2021etik Xotako komunikazio arduraduna zena. Esteban Iturbe presidenteordea da, Kabo jatetxeko sukaldari Aaron Ortiz diruzaina, eta Miguel Angel Maeztu idazkaria.
Orain hobeki gaude, baina ez da ahaztu behar oraindik egoera zailean gaudela. Junta berria ongi ari da lanean, baina fitxaketak egiteko erlojuaren kontra ari gara. Jokalariak lotzen oso berandu gabiltza. Lehen mailako gainontzeko klubek euren taldeak osatuta dituzte eta orain fitxaketak egitea zaila da. Eskerrak harrobiko jokalariak ditugula; gure gaztetxoak gurekin ari dira lanean. Beraiekin oso pozik gaude.

2026ko irailean, liga hastear zegoela, zenbat jokalari zituen Magna Xotak?
Joan zen urteko taldetik momentuz Josu Mendive eta Asier Llamas atezain irurtzundarra ditugu, eta zorionez Ion Cerviño irurtzundarra bueltan da. Hasiera batean Kroaziara joan zen, baina zuzendaritza aldaketaren ondoren itzuli egin zen. Bestalde, iaz lehen mailan debutatu zuen Aimar Iraurgi altsasuarra lehen taldera igo da. Etxekoez gain, beste fitxaketa batzuk egin ditugu: David Vatamaniuc, Gabriele Ugherani, Bruno Petry, Marc Campàs, Miguel Planillo, Joaquin Exposito... Orain bederatzi jokalari ditugu, baina gutxienez hamabi behar ditugu.  

"Orain zaila da jokalariak lotzea. Iritsi bitartean, harrobikoek izango dute aukera"

Taldea eraikitze lanetan zaudetenez, nobedadeak iritsiko dira. 
Merkatua arakatzen ari gara, ea zer nolako aukerak ditugun. Beste klubekin ere hitz egin dugu, jokalariren bat utzita etor daitekeen galdetzeko. Aukera guztiak ari gara aztertzen. Agian Jaenen kontra jokatuko dugun ligako lehen partidan ez gara denak egongo; kasu horretan harrobiko jokalariek euren aukera izango dute. Javi Larrea urdiaindarra, Julen Fernandez irintarra, Oier Amezgarai olaztiarra, Oinatz Zabarte gasteiztarra... gurekin ari dira lanean. Eskerrak beraiek ditugula. 

Elkarrizketa hau egiterakoan Magna Xotak oraindik ez du entrenatzailerik, Kapu Jimenez taldetik atera zelako. Entrenatzaile berria iritsi bitartean zu ari zara entrenamenduak gidatzen. 
Nire lana batez ere harrobiaren martxa gidatzea da, eta lehen mailako taldeko bigarren entrenatzaile izatea. Orain lehen taldea gidatzen ari naiz, baina entrenatzaile berria izango dena lehenbailehen iristeko desiotan nago. Oxala lerro hauek argitaratzerakoan hemen egotea.

Ardura hau guztia zure gain izatea ez da makala izango.
Hemen lan handia dago eta laguntza behar dugu. Horrela transmititzen diot juntari, badakite, eta entrenatzailea bilatzeko lanean ari dira. Hautagai askorekin hitz egin dugu, baina talde hau hartzera hona etortzea zaila da, kontziente gara. 

IRURTZUNGO HERRIAREN BABESA
Xotarekin gertatu den guztia nola bizi izan da Irurtzunen?
Zaila izan da; herritarrek kezka askorekin bizi izan dute egoera, oso urduri, oso triste. Badakite nortzuk garen eta nortzuk gauden hor lan egiten. Egoera ulertzen dute eta animo handiak ematen dizkigute. Betiko jarraitzaileak dira asko, eta gurekin daudela agerikoa da. Uda osoan barna jendea taldea ea zer moduz dagoen galdetzera gerturatu zait, eta, horretaz gain, ni neu nola nagoen interesatzera. Askotan. Eta hori bihotzez eskertzen da. Teknikariak, jokalariak... nola gauden galdezka egon dira herritarrak, eta hemendik eskerrik beroenak ematen dizkiet guztiei. Beti izan dugu zaleen babesa; gure jendeak Xotarekiko sentimendu handia du, eta lagundu nahi du. Jende asko ari da abonua berritzen eta bazkide egiten. 

Beraz, babes eta kariño hori nabaritu duzue.
Bai, asko. Uda honetan ez naiz horrenbeste atera, momentu oso gogorrak bizi izan ditugulako, baina jende asko hurbildu da laguntzera. Aurten harrobietako taldeetarako entrenatzaile gehiago animatu dira, Endika Mendinueta arbizuarrak bigarren taldearen ardura hartu du eta lehen taldean gurekin dago, ahal duenean laguntzen... Halako laguntza eta prestutasuna eskertzekoa da. 

Harrobi guztia kolokan egon zen. Zenbat taldez ari gara?
Lehen mailako taldeaz aparte, Xotak hamaika-hamabi talde ditu. Gaztetxo asko dira, 110-120 neska-mutil, areto futbolera jokatu nahi duten jokalari asko, eta atzetik euren familiak daude. Jende asko egon da azken unera arte ea zer gertatuko ote zen itxaroten. Kezka handia egon da; jendeak jakin nahi zuen taldeak aterako ote ziren, entrenatzaileak nor izango ziren, noiz hasiko ginen... Guk ere ez genekien zer gertatuko zen, ezin genuen ezer esan. Denboraldia, beraz, beste baldintza batzuetan hasiko da, baina jendea oso ongi portatzen ari da, eta, alde horretatik, lasaitasuna izan dugu. Mezua argia izan da: "lasai, egingo dugu, hasiko gara ahal den moduan, aterako gara..." Oso eskertuta gaude. 

"Aimar Iraurgi lehen taldera igo da. Harrobiko Javi Larrea, Julen Fernandez, Oier Amezgarai... gurekin ari dira entrenatzen"

 

2026/2027 PRIME FUTSAL LIGA ABIAN
Aurten nobedade handiekin dator lehen maila. Ligak izen berria hartu du: Prime Futsal Liga. Ez da liga erregularra izango. Bi fase izango ditu: lehena irekiera fasea, eta bigarrena itxiera fasea. Fase bakoitzean 15 jardunaldi jokatuko dira, eta bakoitzak bere txapelduna izango du. Bi faseak bukatzen direnean, bien puntuak batu, eta hortik aterako dira ligako titulua lortzeko play-offetan borrokatuko duten taldeak eta mailaz jaitsiko direnak. 
Liga sistema zergatik aldatu duten ez dut ulertzen. Sistema berria ez zait asko gustatzen, aitortzen dut, baina halakoa da, eta aurrera. Guretako, behealdean egongo garen taldeendako, ez da asko aldatuko. Bi faseetako puntuak batu, eta antzekoa izango da, baina bi fase egoteak nahasmen txikia ekarriko du, bigarren fasean gaudenean sailkapenari begiratzen hasi eta puntu horiei lehen fasekoak gehitu beharko dizkiogulako. Gu lehen fasean puntuak lortzen saiatuko gara; ea zer gertatzen den. Kontziente gara aurtengo denboraldia oso zaila izango dela guretako, taldearen egoera ez baita onena. Baina espero dugu punturen bat lortzea eta itxiera fasean borrokan egotea. 

Taldea oraindik osatu gabe duzue, jokalari ia gehienak berriak dira eta gazteak. Horren alde ona da jendea konplexurik gabe aterako dela bere onena ematera, beldurrik gabe. 
Bai. Jokalari guztiek lehenengo mailako jokalariak direla erakutsi nahi izango dute aretoan. Partida oso zailak ditugu aurretik, baina espero dugu beste partida batzuetan gure aukerak izatea. Ea horietan irabazterik ahal dugun. Pixkanaka-pixkanaka joango gara, gauzak ongi egiten saiatuz eta gure jokalariak babesten, lasaitzen eta ongi egon daitezen ziurtatuz. Ez dakigu zein mailan egongo garen eta jokoan nolakoak izango garen, oraindik jokalari batzuk falta direlako, baina hau hasi da, eta ez dugu denborarik. Ezin duguna da denboraldi guztian negar egiten egon. Duguna dugu, eta guztiok gure %150 eman beharko dugu. Ea noraino iristen garen, eta denboraldia bukatzen denean gure lanarekin harro gauden.

Gogo faltagatik ez dadila izan. Dena ematera atera, eta gero, gerokoak. 
Hori da, beti egin izan dugun bezala, baina badakigu aurten zailagoa izango dela. Astean zehar gure lana ongi egin, entrenamendu bakoitzean %100 eman eta partidetan berdin. Partidetan gurea egin eta dena ematen badugu, ezin badugu irabazi triste egongo gara, baina gure buruarekin lasai, dena eman dugulako.

"Beti izan dugu Xotako zaleen babesa; gure jendeak Xotarekiko sentimendu handia du, lagundu nahi du"

Magna Xota izenarekin lehiatuko zarete, Magnesitas Navarras-ek zuen babesle izaten segiko duelako. Irailaren 11an Paraiso Interior hartu zenuten Anaitasunan. Prime Futsal Liga berria etxean mustu zenuten.
Jaenek aurreko asteburuan Superkopa jokatu zuen Barçaren kontra, eta penaltietan erori ziren. Talde gogorra da, jokalari asko eta onak ditu. Baina eurak bost jokalari atera ziren jokatzera, gu beste bost, eta astean zehar landu genuena martxan jartzen saiatu ginen. Partida gogorra izan zen, polita aldi berean, berezia, bai klubarendako eta jokalariendako ere bai. Ligako lehen partida zen, eta gogo handiekin geunden, azkenaldian buruan gauza asko izan ditugulako bueltan. Lehen partida iristeko eta jokatzeko gogotsu geunden hori baita gustatzen zaiguna.

Entrenatzaile gisa atera zinen. 
Ezinezkoa izan zen partidarako entrenatzaile berria lotzea eta ni atera nintzen,  neure buruarekin harro. Mutilei laguntzen saiatuko nintzen; ea denboraldian denon artean elkarri laguntzen diogun eta ea zer gertatzen den. 

Harrobia osasuntsu dago, eta lehen mailako taldea bidean. Gertatutakoari buelta eman diozue nolabait. Zuen kolorea berdea da, esperantzarena. Horri helduko diogu, itxaropenari?
(Kar-kar) Horri eta edozein gauzari, berde esperantzari eta bestelakoei. Behar den guztiari, dena beharko baitugu.

Eta batez ere zaletuei, inoiz baino gehiago behar dituzuelako. 
Hala da. Gertatutakoaren ondorengo lehen partida zen irailaren 11koa, gainera ligako lehena. Denboraldi desberdina izango da, eta gogorra, baina Anaitasunara jendea ilusioarekin etor dadila, taldeari eta gazteei anima diezaiela, oso talde gaztea dugulako eta harmailaren laguntza behar dutelako. Ziurrenik jende asko etorriko da Anaitasunara, guri laguntzera eta disfrutatzera.

Inork ez daki denboraldia nola joango den, baina gertatzen dena gertatuta, harro egoteko modukoa izango da, zailena lortu duzuelako: desagertzear zegoen Xota aurrera ateratzea. 
Bai, egun hauetan sarritan esan dugu: "bizirik gaude". Duela aste batzuk ez geunden bizirik, eta bizirik ateratzea lortu dugu. Hortaz, hemendik aurrera, eta lanarekin, aurrera egingo dugu. Gerta zer gerta, horrekin bakarrik, aurrera. 

Xota inoiz baino sakandarragoa izango da. 
Hori da! Aurretik irurtzundarrak aritu izan gara, baina oraingo gazteekin sakandarren kopurua handitu da eta sakandarren babesa izango dute, jakina. Ea hurrengo elkarrizketa egiten dugunean poltsikoan puntuak baditugun.