Sakanako Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, "Balkanguard desokupazio enpresa faxistako kideak Irurtzunen egon dira Adaniaren maizten bat bere etxetik botatzeko mehatxu egiten". Zehaztu dutenez, "desokupazio enpresako kideak irurtzundarraren garajean larunbatean, lastailaren 10ean, 24:00ak aldera agertu ziren". Sakanako Kontseilu Sozialistak nabarmendu duenez, "irurtzundarra Adania enpresaren etxebizitza batean bizi da maizter 2018tik, eta ez du etxegabetze prozedurarik bere kontra".
Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, "Adania Nafarroako etxejaberik handiena da, Lizarraga familiak kontrolatua. Nafarroan diru publiko gehien jasotzen duen etxebizitza arloko enpresa da Adania". Gaineratu dutenez, "hainbat etxejabek matoien enpresa horiek maizterrak mehatxu eta jazarpenen bidez kaleratzeko erabiltzen dituzte. Ahoa hitz politez betetzen dituzten Adania bezalako enpresek praktika horiek inpunitatez sustatzen dituzte". Irurtzundarrak denbora gutxian Balkanguard desokupazio enpresako kideen bigarren bisita jaso duela nabarmendu dute.
Horren kontra protesta egiteko, Sakanako Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du Irurtzungo Foru plazan asteazkenean, lastailaren 14an, 18:00etan.