Irurtzungo biribilgune berriko lanak 2027an hasiko dira

Guaixe

Biribila egitea aurreikusi den bidegututzea. ARTXIBOA

Bi Ahizpe kalearen eta Akaborro industrialdearen sarrera-irteerako bidegurutzean egonen da. 

Nafarroako Gobernuak 2025-2028 Inbertsio Programa onartu du, 833 milioi eurokoa. Bertan jaso diren 185 inbertsioetako bat Irurtzunen biribilgune bat egitea da. Lan horretara 1.233.535 euro (BEZ barne) bideratu ditu. Irurtzungo Bi Ahizpe kalea, berez, NA-2409 errepidea da. Haren 20+600 km puntuan aurreikusi da biribilgune berria egitea. Hau da, Bi Ahizpe kalea, herrigunea eta Akaborro industrialdea banatzen dituen kalea eta industrialdeko kalea bat egiten duten puntuan. 


Zebrabidearen beste aldean eginen dute biribila. ARTXIBOA

Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak proiektua egina du eta biribilgunea egiteko lanak 2027rako programatua du. Espero dugu heldu den urtean lanak hastea". Alkateak jakinarazi duenez, "Lurralde Kohesio Departamentuko arduradunei bilera eskatuko diegu azarorako". Udalaren asmoa litzateke, "biribilguneko lanak despedituta, Bi Ahizpe kalea, Matxain jatetxetik Aralar kaleko bidegurutzera arteko zatia, udalaren eskura pasatzea. Eta herrigunearen eta Akaborro industrialdearen arteko kalea, biribilgune batetik besterako tartea litzatekeena, Nafarroako errepide sarean sartzea", azaldu du Razkinek.  

Departamentuko buruek Irurtzungo proposamenaren berri badute, "Lizarra kalea udalarendako izatea eskatu genuenean, gure asmoen berri ere eman genien. Orduan esan ziguten, biribilgunea egin gabe zegoenez, ezin zela kalea errepide bihurtu, kamioiek buelta hartzeko ez zelako egokia", argitu du alkateak. Biribilgunea eginda, traba hori ez legoke, eta udalak eskumenak hartzeko prozedurari ekin nahi lioke. "Belateko tunelaren kontuagatik zuzendari nagusia aldatu egin da eta gure proposamenaren berri emanen diogu berriari", esan du Razkinek.