Irurtzungo Udalak bi kale berarendako nahi ditu

Guaixe 2023ko aza. 8a, 09:32

Ibilgailuendako pasa moztu zuen udalak garilean, festetan. ARTXIBOA

Lizarra eta Bi Ahizpe kaleak errepideak dira eta Nafarroako Gobernuarenak dira.

Martxo akaberan zabaldu zen Irurtzungo saihesbideak herri erdigunetik trafikoa kentzeaz aparte, bestelako aukerak eskaintzen ditu. Esaterako, festetan plaza ingurua oinezkoendako izan zen bakar-bakarrik. Zehazki, Lizarra eta San Martin kaleen arteko bidegurutzetik Lizarra eta Ugaldeta kaleen arteko bidegurutzera arteko zatia. Baina hori egiteko Nafarroako Gobernuari eskatu behar dio baimena Irurtzungo Udalak, Lizarra kalea berez NA-7010 errepidea baita, eta haren jabetza foru administrazioarena da, bera arduratzen da mantentze lanez. Beraz, kale horretan udalak edozein lan egin nahi duen bakoitzean gobernuaren baimena behar du. 

Horren jakitun izanik, Irurtzungo Udalak kale horren jabetza berari ematea eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "Lizarra kalearekin batera Bi Ahizpe kalearen zati bat ere guri ematea eskatu dugu, Matxain jatetxetik Bi Ahizpe eta Aralar kaleen arteko bidegurutzera arteko zatia". Bi Ahizpe kalea berez NA-2409 tokiko errepidea da. Bi jabetza aldaketa horien zergatia azaldu du Razkinek: "errepide izendapena kenduta kale bihurtuko lirateke biak. Eta Lizarra eta Aralar kaleen artean saihesbidea egina dagoenez, hura eta Akaborro industrialdearen parean dagoen kalea errepide izatera pasatzea nahi genuke". Gobernuak udalaren nahiaren berri badu dagoeneko. 


Saihesbideari jarraituz, industrialdearen eta herriaren arteko kalea errepide bihurtzea nahi du udalak, pisuen beste aldean dagoen Bi Ahizpe kalea errepide izateari uzteko.

Plana 
Irurtzungo Udalak egin nahi duen mugikortasun planera bi erabaki handi lirateke bi kale horien gainekoak. Gainera, dagoeneko saihesbidea eginda dagoenez, trafiko ugari ez da herri erditik pasatzen. Alkateak azaldu duenez, mugikortasun plana heldu den urtean egin nahi dute. "Mugikortasunaren ikuspegitik herria nola dagoen aztertu eta diagnosia egin nahi dugu. Horretarako, parte hartze prozesu bat martxan jarriko dugu", jakinarazi du. 

Plaza inguruan zer egin ziur aztertuko dela azaldu du, baina herriko beste kale batzuk ere aztertu beharko dituztela azaldu du, besteak beste, kultur etxe ingurua, Trinitatea edo Bi ahizpe kalea bera. Izan ere, herriko mugikortasuna aztertzeko zenbait eragilerekin aurreneko kontaktuak izan zituen udalak aurreko legegintzaldian.

Mugikortasunari buruzko parte hartze prozesua abiatzeko dagoen bezala, saihesbidearen bigarren zatia ere egiteko dago. Lan horiek Izurdiagan eginen dira. Herriko saihesbidetik Nafarroako Autopistara (AP-15) sarbidea eginen da Iruñerako noranzkoan. Sarbide horrek Urritzola, Errotz, Izurdiaga eta Irurtzundarrei emanen die zerbitzua, gaur egun halakorik hurbil ez baitute.