Gizarteratze enpresak Sakanan sustatzeko jardunaldia egin dute

Guaixe

Jardunaldia Dinabiden egin zuten. SGA

Eredu horrek ibarrean izan ditzakeen aukerak eta garatzeko beharrezko baldintzak aztertu dituzte jardunaldi batean. Tokiko administrazioen kontratazio publikoa proposatu dute Sakanan gizarteratze-enpresak sustatzeko.

Gaur egun, Sakanan ez dago gizarteratze enpresarik, nahiz eta zenbait enpresak bertan zerbitzuak eskaini. Sakanan laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen laneratze aukerak hobetzeko helburuz, lehen pauso gisa proposatu dute tokiko administrazioen kontratazio publikoaren bidez kontratu erreserbak egitea. Neurri horren bidez, lortu nahi da gizarteratze enpresek Sakanan jarduera garatzeko aukera gehiago izatea eta zailtasunak dituzten pertsonendako enplegu aukerak sustatzea. Zerbitzuen eskari egonkor batek epe luzera gizarteratze enpresen presentzia sendotzea eta, etorkizunean, ibarrean egoitza duen enpresa berri bat sortzeko baldintzak erraztea ere ahalbidetu lezake.

Ondorio horiek atera zituzten Lurraldean lanean hasteko enpresak jardunaldian, Dinabiden lastailaren 29an egin zena. Jardunaldia Nafarroako Gizarteratze Enpresen Elkarteak, EINAk, antolatu zuen eta bertan parte hartu zuten Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte  Zerbitzuetako, enplegu agentziako eta hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalek. EINAko koordinatzaile Consuelo Corellak gizarteratze enpresek gizarte eta lurralde kohesioan duten eginkizuna azaldu zuen. Inserlantxoko gerente Juan Cruz Argiñarizek, berriz, bere enpresaren esperientzia eta hainbat herritan egiten dituzten lanak aurkeztu zituen.

Jardunaldia Sakanako Ekonomia Sozialaren Mahaiaren baitan kokatzen da, eta EINA bera ere mahaiko partaide da.