Ezpilleta Lakuntzako dermio bat ere bada. Han kalkolitiko hilobi-kobak opatu dituzte (4.000 bat urte). Ezpilleta elkarteak, Sakantzen Sarekoek proposatuta, Uda-Ikastaroetan parte hartuko du heldu den astean. Lau hitzaldi izanen dira: Erdi Aroko populatze eta despopulatzea; erromatar bideak Euskal Herrian; megalitismoa eta, azkenik, komunalen garapena Gipuzkoan eta Nafarroan.
Hitzaldien bidez, esaterako, 1300 urtean 90 bat herri izatetik gaur egun Sakanan 28 herri daudela ulertzeko arrazoiak izanen dira. Megalitismoan dugun aberastasuna azaleratuko da ikastaroetan eta erromatar bideak nola zeuden eratuak ere argituko da. Azkenik, gaurkotasunezkoa izan daitekeen komunalen gaia: toki administrazioa aldatzeko legea eginen da eta komunalak udalen jabetza izatera pasako ote diren ikusteko da. “Historikoki pribatizaziorako aurreneko urratsa izan da hori”, azaldu digu Markotegik.
Ezpileta elkarteko lehendakari Mikel Markotegi Ijurkok azaldu digunez, ikastaroa historian zaletuei zuzenduta dago. Baita turismo arloko eragileei ere, “jakin dezaten halakoen promozioa egitea eta ibilbide turistikoetan sartzea ez da soilik tokira joatea eta monumentua ikustea, gainera normalean ez du ezer esaten. Haien inguruan gidoi bat sortu behar da”.
Harremanetarako
jmmarko@hotmail.com
Mikel Markotegi Ijurko
Ezpileta elkarteko lehendakaria
Noiz sortu zen?
Lanean lau urte egin ditugu, baina elkartea, berez, duela bi hilabete eratu da legalki. Sei edo zazpi bat gara, Barañain, Añezkar, Lakuntza eta Etxarri Aranazkoa. Gure asmoa taldea ahalik eta bazkide kopuru handienera zabaltzea da. Batzuk gehiago jakinen dute, besteek gutxiago, baina denak zaletuak gara.
Helburua?
Sakana eta inguruan (Urbasa, Andia, ibarrarekin lotura duen Iruñerriko zati bat…) arkeologia eta historia lana egiten saiatzea da gure helburua. Batez ere arkeologia landuko dugu, oso gutxi lan egin delako arlo horretan Sakanan. Berez Arkeologia Artxiboan inbentariatuta dauden ibarreko gune arkeologikoak bizpahiru besterik ez dira ibarrean.
XX. mende hasieran megalitismoa arloan (trikuharriak, iruinarriak, tumuluak…) lan handia egin zen. Mendian egin ziren, baina ibarraren hondoan ez da apenas ezer ikertu, Rafael Carasatorre Zufiaurrek egindako dokumentazio lana kenduta.
Nola egiten duzue lan hori?
Gurea landa azterketa da, batetik bestera ibiltzea. Ibilaldi horietan arkeologia-guneak non dauden begiratzen dugu: populazio guneetatik lur emateko eremuetara, elementu etnografiko-historikoak (gurutze-bideak, hilarriak… ). Arkeologia-aztarnak opatzen saiatzen gara ere: zeramika, metalikoak (nahiko arraroa, ezin baita metal detektagailurik erabili)… Paleolitikotik Aro Modernora edo Garaikidera bitarteko arkeologia-elementuak azaleratzea da gure egitekoa.
Mota guztietako elementuak jasotzen ditugu. Baita jendeak opatu dituen piezak. Inbentariatu egiten ditu, argazkia atera, fitxa osatu, kronologia bat ematen diogu eta beste. Arkeologia-interbentzioa, berez, oso gutxi edo ezer ez. Salbuespena Pedro Arrese taldekideak Agirin egin duen indusketa edo guk aldian behin egin dezakegun lagin bat egitea da. Hau da, zulotxo bat egitea aztarnek erakusten dutena baino pixka bat gehiago dagoen ikusteko. Baina gurea, batez ere, landa azterketa da.
Lau urte paseatzen… eta fitxa horiekin zer egiten duzue?
Guk zerbait opatu edo zerbait egon daitekeela adierazten duen aztarna motaren bat ikustean, berehalakoan Vianako Printzea erakundeko arkeologia arduradun Jesus Sesma Sesma jakinaren gainean jartzen dugu. Harreman bikaina dugu. Gainera, horiek dira eman beharreko urratsak. Ezinda zerbait opatu eta ez komunikatzea. Legez horretara behartuta gaude. Horregatik, guk berehala jotzen dugu haiengana. Baina landa-azterketan interes handiko piezak baino arrastoak opatzen dira. Guk osatutako fitxekin orain datu-basea egiten ari gara.
Jendeak etxean opatutako elementu asko ditu.
Han opatutako txanpona, bestean opatutako aizkora… horiek dira opatzen errazenak. Edo bakarren batek disko-formako hilarri bat non dagoen dakiela… Halakoak guretako informazio garrantzitsua dira. Piezak batzuetan ez du baliorik, baina non izan den opatua baldin badakizu aztarnategi baten edo bestelako baten ideia bat ematen dizu. Aldi berean, interesgarria da jakitea jendeak dakizkien gauza batzuk: halako tokitan hilerri bat agertu zen, bestean…
Jendeak piezak kenduko dizkieten beldur da. Baina ez da kentzen. Gainera, 1985 baino lehenago opatu bada, opatu duenarena da.
Asko inbentariatu duzue?
Espero genuena baino gehiago. Neolitiko, Kobre, Brontze eta Burdin Aroetakoak, Erromatar garaikoak… Inbentariatu gabe ditugu Erdi Aroko despopulatu guztiak. Lan handia egin dugu eta egiteko dagoena.
Inorekin elkarlanean aritzen zarete?
Elkartea sortu berri da, baina harremana dugu Arantzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko Francisco Javier Castrorekin. Asmoa dugu arloko elkarteekin harremanetan jartzea. Opatu ditugun erromatar hilarriengatik, eta berak ere interesa zuelako, Bartzelonako Unibertsitateko Javier Belaza aditua etorrarazi dugu. Dakienari aholkua eskatzen diogu. Guk gure mugak ditugu, ezagutza eta irismen aldetik.