1. Nola sentitzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko emaitza altuena duen ikaslea?
Oso pozik sentitzen naiz lortutako emaitzarekin, egia esan. Egindako esfortzuak merezi izan duela uste dut, eta emaitza horren erakusgarri izan dela uste dut. Lan handia behar da hau ateratzeko, eta ordu asko sartu ditut kurtso osoan zehar. Baina esan beharra daukat, hainbeste ordu sartu eta gero saria ere itzela dela.
2. Unibertsitatea berehala hasiko duzu, baina Bigarren Batxilergoa ez da lan erraza ezta?
Bigarren maila nahiko gogorra da bai. Beste ikasturteak baino laburragoa da, baina exijentzia maila oso altua da, eta lan asko egin behar da urte osoan. Duela urte gutxi gainera, selektibitateko emaitzen metodologia aldatu egin zen, eta orain azterketa orokorra eta espezifikoa dauzkagu. Lau puntu gehiago atera ditzakezu egin nahi den ikasketa aukeratzeko, hamalau puntu lortu arte.
3. Zein ikasketa mota aukeratu zenuen Batxilergoan?
Zientzia eta Ingeniaritza adarra aukeratu nuen. Batxilergoa hasi nuenenean oraindik ez nuen oso argi buruan zer ikasiko nuen ondoren, baina zientzia mundua beti gustatu izan zait eta hortik joatea erabaki nuen. Teknologikoa eta osasun adarren artean aukeratzea pentsatu nuen, baina azkenean tartean dagoen ingeniaritzakoa hartu nuen.
4. Zergatik hautatu duzu ingeniaritza industriala unibertsitatean?
Asko kostatu zait erabakitzea. Banekien ingeniaritza bat egin nahi nuela, eta hainbat arlo begiratzen egon nintzen. Etorkizunari begira lan eskaintza gehien ematen zuen ingeniaritza honek eta, horregatik, erabaki nuen alde honetatik joatea. Ingeniaritza industriala oso orokorra da, esparru askotan lan egin dezakezu ikasketa hauen bidez. Euskal Herrian lan egitea gustatuko litzaidake, eta karrera honek printzipioz, hemen aukera asko emanen lituzke.
5. Etorkizunean zertan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Oraingoz, ingeniaritza industriala ikasiko dut, eta hau nahiko orokorra dela uste dut. Hau bukatuta, ingeniaritza biomedikuntza master bat egitea gustatuko litzaidake. Medikuntzan ingeniaritza aplikatzea gustatuko litzaidake, osasungintzan erabiltzen diren makinak diseinatzen adibidez. Oraingoz ez dago lan askorik arlo honetan, baina entzun dudanez hemendik urte batzuetara lan eskaintza handitu eginen da. Dena dela, oraindik urte asko falta dira eta iritzia alda dezaket.
6. Beste ikasketaren bat aukeratzekotan, zer?
Ingeniaritza Industrialean ez zen nota handirik eskatzen eta ez dut arazorik izan sartzeko. Beste zer edo zer aukeratzekotan, biokimika asko gustatzen zitzaidan, hori pixka bat gehiago osasun aldera bideratuta. Medikuntza ere gustatu izan zait, baina nire izaera kontuan izanda, ikerketa norabidea gehiago gustuko dut. Eta beste alde batetik, irakaskuntzan aritzea ere gustatuko litzaidake.
7. Nola aurreikusten duzu unibertsitatera eman behar duzun pausoa?
Badakit karrera gogorra hautatu dudala, baina gustatzen zaidana da eta dinamika hasteko gogoarekin nago. Aldaketa handia izanen da, klaseak askoz ere handiagoak, irakasle berriak, garai berri bat azken finean. Gelakide batzuekin Iruñera bizitzera joanen naiz, esperientzia berria alde horretatik ere, eta hasteko gogoarekin nago.
8. Inoiz suspenditu al duzu?
Egia esan, ez. Baina orain ingeniaritza hasi behar naizen aldetik, irakasgairen bat suspendituz gero, ez da ezer gertatzen, beti ikas daiteke gauza guztietatik. Ez nuke arazorik izanen.
9. Zein da zure irakasgai gustukoena?
Matematika, fisika eta marrazketa. Zientzietakoak direnak beti gustatu izan zaizkit eta oso ongi moldatzen naiz zenbakiekin. Matematika ala fisikako ariketak askoz ere errazago ikasten ditut eduki mamitsu bat baino, errazagoa, dinamikoagoa egiten zait. Letretako irakasgaietan lan gehiago egin behar nuen, laburpen gehiago eta zailagoa egiten zitzaidan ikastea.
10. Nola antolatzen duzu zure burua ikasteko?
Ez daukat truko ala irizpide zehatzik. Antolaketa bat izatea oso garrantzitsua da, azken momenturako uzten diren gauzak ez dira normalean oso ongi ateratzen eta. Egunean joan, errepasatu, zerbait ulertzen ez bada hori argitzen saiatu. Azkeneko momenturako uzten diren lanekin presio handiagoa sentitzen da eta horrela gauzak ez dira nahi duzun moduan ateratzen, egunero eramanda, lasaiago ibil zaitezke. Eskemak eta laburpenak egitea gustatzen zait, batez ere, historia ala filosofia bezalako irakasgaietan, ideiak garbi izaten laguntzen dizute.
11. Kanpora ateratzea gustatuko litzaizuke?
Beharbada, karrera ikasten nagoen bitartean mailaren bat kanpoan egitea gustatuko litzaidake. Esperientzia berri bat bizitzea, beste hizkuntza bat ikasteko primeran etorriko litzaidake, baina gero lan egiteko orduan hemen gelditu nahiko nuke.