Haur baten jakin-mina

Erkuden Ruiz Barroso 2017ko mai. 12a, 08:39

Zergatik? Liburuaren bigarren argitalpena egin berri dute Irantzu Garcia iturmendiarrak eta Xuberoa Salanuevak. Autoedizioa egin dute. “Adin guztietarako” liburua sortzeko elkarlana ezinbestekoa izan dela esan du Irantzu Garcia liburuaren ilustratzaileak. Amona baten eta haren bilobaren arteko elkarrizketa kontatzen du ipuinak.


Zergatik? liburuko ilustrazioak egin dituzu. Nola sortu zen proiektua?
Lana egitea juerga batean bururatu zitzaigun. Xuberoak bazeukan ipuina idatzita, baina egun horretan, duela bi urteko Txantreako festetan, esan zidan gogoratzen zela nik marrazten nuela eta ea nahi nuen ipuin bati irudiak jarri. Eta baietz esan nion. Martxan jarri ginen. Ni hasi nintzen berak emandako testuarekin irudi batzuk egiten eta denborarekin horrek forma hartu zuen. Elkarri esaten genion zer iritzi genuen lanaren inguruan. Biak batera saiatu ginen lana ateratzen. Prozesu luzea izan da. Gure ideia zen Etxepare sarietara aurkeztea. Eta aurkeztu genuen, baina ez genuen irabazi.

Orduan, zuen kontura argitaratzea erabaki zenuten.
Hori da. Azken finean lana egina zegoen eta ilusio handia egiten zigun. Egina geneukan eta produktu interesgarria izan zitekeela ikusten genuen. Orduan, gure poltsikotik dirua atera genuen, ordaindu genuen eta aurrera egitea adostu genuen.

Elkarlana ezinbestekoa izan da.
Guztiz. Bai bera bai ni modu berdinean egon gara proiektuan sartuta: saltzeko orduan, eta abar. Nik irudiak egiten nituenean bera gainean zegoen. Maiz elkartzen ginen eta irudi bakoitza egiten nuenean berari erakusten nion eta berak esaten zidan zer iritzi zuen. Nik ere bere istorioa nola ikusten nuen esaten nion. Xuberoa eta biok txikitako lagunak gara eta horrek bion artean lan egiteko modua hobetu zuen. Ez da ezezagun batekin egiten duzun lan bat.

Pertsonaiak ere elkarrekin sortu zenituzten?
Xuberoak buruan zituen gauza batzuk esan zizkidan. Baina lau gauza izan ziren. Gainerakoa nire esku geratu zen. Berak libre utzi zidan bide osoa. Nire estilora egiteko. Nik nahi nuen moduan. Alde horretatik askatasun osoa izan dut.

Zer kontatzen du Zergatik? liburuak?
Zergatik ez da istorio arrunt bat. Normalean ipuinek egitura berdina izan ohi dute: hasiera, korapiloa eta akabera. Baina honek ez dauka korapilorik. Sekuentzia moduko bat da. Aldi guztian errepikatzen da galdera bat eta erantzun bat. Haur eta amonaren arteko galdera-erantzunak dira. Haurrek askotan galdetzen dute zergatik hau, zergatik bestea... Hori irudikatu nahi zuen istorioak baita nire marrazkiek ere. Album ilustratu bat da. Baina, horrek ez du esan nahi edozeinek irakurri ez dezakeela. Istorioa haur batek egiten dituen galderak dira, baina amona ere hor dago eta amona pertsona heldu bat da. Amonendako oso erakargarria gerta dakieke liburua. Baita haurrentzako ere. Edonork irakurri dezake.

Beraz, adin guztiendako da?
Nire ustez denendako. Nik ez dut ongi ikusten pertsona batek irakurri dezakeela liburu mota bakar bat. Batez ere marrazkiak dituzten liburuak ez dira bakarrik haurrendako, eta koloretsuak badira ere ez dira bakarrik haurrendako. Liburu hau oso aproposa da amonak eta haurrak elkarrekin  irakurtzeko. Heldu askok liburua irakurri dutenean esan digute hunkitu direla.

Bigarren argitalpena argitaratu berri duzue, berriz ere autoedizioan. Zergatik bigarren argitalpen hau?
Bigarren edizioa nahiko berandu egin dugu, nahiz eta ez da horren berandu lehenengo edizioa Eguberriak baino lehen atera genuelako. Baina berehala saldu genuen eta azkar saldu genuenez gelditu ginen pixka bat gehiago hedatzeko gogoekin. Ikusten genuen jende askok oraindik ez zuela liburua. Orduan, eguberrien ondoren egin nahi genuen bigarren edizioa, baina bizitza batzuetan konplikatzen da eta orain atera dugu berriz ere. Beraz, horregatik egin dugu; ikusten genuen liburuak oraindik ere tirada izan zezakeela eta Iruñera joan nahi genuen eta hango jendearekin banatzea. Horretan ari gara.

Non lortu daiteke liburua?
Hemen Sakanan Altsasun dauden bi liburu-dendetan, Arkatz eta Liburunda; Etxarrin Kaxetan eta Iruñeko denda batzuetan ere saltzen dute, Katakrak, Txundarata, Baga-biga, eta Gasteizen Mara-Maran, esaterako. Azoketan ere saldu nahi dugu, izan ere, saltzeko modurik hoberena jendeak zu ezagutzea eta zure lana aurrez aurre ikustea da. Saiatu nahi dugu ahalik eta gehien hori egitea. Baina, ez zara jende gehienarengana iristen, horregatik hor daude liburu-dendak. Hainbat liburutegietan ere badago.

Beste libururen bat argitaratzea pentsatu duzue?
Askotan galdetu digute orain bigarren argitalpenarekin ba ote den aurreko liburuaren segida, baina ez da. Horretan pentsatzen ari gara. Agian ez da aterako. Gero Xuberoak badauzka beste ipuin batzuk ere eta ni tentatua nago berriz ere berarekin lan egitera eta marrazki berriak egitera. Beste idazle batzuekin ere lan egitea gustatuko litzaidake. Baina, poliki-poliki. Ideia gehiegi ditugu buruan eta arnasa pixka bat ere hartu beharko nuke. Esperientzia ikaragarria izan da. Nik gomendatuko nuke norbaitek ideiak baditu, dirua eta gogoak baditu aurrera egin dezala eta autoekoizpeneko liburua atera dezan.  

Zergatik? liburuari ilustrazioak jarri diozu. Nondik datorkizu ilustraziorako zaletasuna?
Ez dakit, geneetan edo. Betidanik marraztu izan dut baina fundamentu gutxirekin askotan. Duela urte batzuk egin genuen enplegu eskola tailer bat eta orduan hasi nintzen, beharbada, serioago hartzen lehen zaletasuna zena, nolabait profesionalizatzen saiatzen eta oso ondo egiten dudala esan didaten hori pixka bat sinesten eta aurrera eramaten. Liburua nire lehenengo lan serioa dela esango nuke. Aurretik egin ditut beste lan batzuk: lagunek zerbait egiteko eskatzen dizutenean, kartel bat egiteko... baina serio-serio, hau.

Nola egiten duzu lan?
Ni autodidakta naizenez eta kaletik natorrenez ez dauzkat ilustrazioarekin zerikusirik duten ikasketarik eta orduan ez dakit zer estilo erabiltzen diren. Baina, aldi berean, zaletasunak ere erakusten dizu nolabait zer estilo mota dauden. Material moduan erabili dudana, horrela esan badaiteke, testurak lortzeko argazkiak izan dira. Argazki normalak, arruntak, txarrak... nik ez dakit argazkiak ateratzen. Gero nire zirriborroak oso garrantzitsuak ziren forma emateko. Eta, azkenik, ordenagailuko programak. Digitalean egin dut lan baina eskuz egina dagoena garrantzitsua zen.

Digitalean sentitzen zara gustukoen?
Ez dakit. Niri asko gustatzen zait boligrafo pilot beltz normal bat hartzea, orri txuri bat hartzea eta marrazkiak egin. Baina, bai, digitalean lan egitea pila bat gustatzen zait. Eta batzuetan gehiegi. Ez da osasuntsua. Askotan da progatzea. Ilustrazioa edo marrazketa edo dena delakoa ikasi dutenek aukera izan dute gauza gehiago progatzeko teknika eta material horiek eskaini dietelako. Baina ikasi ez dugunok pixkanaka ikasten eta progatzen joan behar dugu.