Hasi dira sareak berritzeko lanak

Guaixe 2020ko urt. 21a, 10:29
Makinak eta langileak Iturmendi erdialdean hiru hilabetez ariko dira lanean.

Bost kaletako sareak eta zorua berrituko dituzte. Berokuntza sistemako bi hodiak, ur beroarena eta berogailuarena, ere jarriko dituzte.

Estafeta, Elizalde, Arrano Beltza, Konsistorial eta Zirrinkale kaleetako sareak eta zorua berritzeko lanak joan den astean hasi ziren. Construcciones Beroste SA enpresak zehazki euri uren eta ur beltzen sareak banatu eta gainontzeko sareak eta zorua berritu eta herri-argiteriako kableak lurperatuko ditu. Horrekin batera, berokuntza sistemaren lehen faseko hodiak jarriko dira, Iturmendiko Udalaren asmoa baita biomasa galdara bat jartzea eta haren bidez hala nahi duten herriko etxe guztiei berogailua eta ur beroa eskaintzea. 

Victoriano Gabirondo Lanz jarduneko alkateak azaldu digunez, kale horietako 16 etxek baiezkoa eman diote udalaren eskaintzari. Beraz, eraikin horietan bi hodien hartuneak eginen dira. Tartean dira lau udal eraikin ere: eskola zaharra (jubilatu elkartea eta Eztanda irratia), Aritzaga elkartea, Ximona gaztetxea eta aldameneko etxea eta udaletxea. Iturmendiko Udalak bajera edo pabiloi batean ezpalekin elikatuko den berogailu bat jarriko du eta hark berotuko ditu ur beroko eta berogailuetako zirkuituak. Udalaren asmoa da epeka berokuntza sistema herri guztira zabaltzea. “Udalik baldin badago”, zehaztu du jarduneko alkateak. 

Hasi berri diren lanak hiru hilabetetan despedituko dituzte, eta enpresak haien truke 346.500 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Dirutza horren % 70 Nafarroako Gobernuak pagatuko ditu eta beste  56.800 euro Sakanako Mankomunitateak, ur azpiegituraren ardura berea baita. 

Bestetik, bost kale horietako herri-argiteria aldatu berri du udalak eta LED argiak jarri ditu. Horretara 40.000 euro bideratu ditu Iturmendiko Udalak. Baina Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, Alkateak jakinarazi digunez, Iturmendiko aurreneko LED argiak dira eta asmoa da herri guztira faseka zabaltzea, beti ere diru-laguntzarekin. 

Jarduneko udala
Iturmendiko Udala ez zen joan den urtean berritu eta 2015ean aukeratutakoa jarduneko udala da. Haren ordezkoa kudeaketa batzorde bat izanen da, Nafarroako Gobernuak izendatuta. Gabirondok azaldu digunez, “gutxienez bost boluntario behar dira kudeaketa batzordea osatzeko. Gu prest gaude obra bukatu eta aurrekontuak egiten laguntzeko. Horregatik, jendea izena ematera, boluntario izatera animatzen dugu. Hasieran lagunduko dugu, baina ardura utzi nahi dugu”. 

Erlazionatuak