Sanantondarrak banderarekin kezkatuta

Guaixe 2020ko urt. 22a, 17:46
Sanantondar iturmendiarrak meza eta gero.

Kofradiaren ikurra dena ez dago egoerarik onenean eta harekin zer egin aztertzen ari da.

San Anton kofradia igandera atzeratzen du izena ematen dion sainduaren ospakizuna. Kofradeak elizan izan zen elizkizunean elkartu ziren aurrena eta handik apaiz-etxera jo zuten batzarra egiteko. Kontuak egin ondoren, altarik eta bajarik ez zenez izan, ardurak banatu zituzten: Francisco Sanchez banderadun berria da eta berea da kofradiaren bandera zaintzeko ardura. Akta liburua, berriz, Alejandro Gabirondoren esku geldituko da zaintzeko. Aipatu liburu hori XIX. Mendean abiatutakoa da. Aurretik kofradiak bazuen beste liburu bat, 1690 eta XIX. mende arteko tartea hartzen zuena, baina galduta dago. 

Kofradiak San Antonen eta San Migelen irudiak dituen bandera edo estandartea du. Azken irudi hori ageri da eliza hari eskainita dagoelako. Badirudi jatorrizko bandera dela iturmendiarren esku gaur egun dagoena. Baina bere egoera ez da onena eta hura zaharberritzea, beste bat egitea… kofradeak zer egin aztertzen hasi dira. 

Erlazionatuak