Astekaria

"Lau orno apurtuta aurten bueltatzea ez zegoen inoren plangintzan"

Maider Betelu Ganboa 2022ko aza. 16a, 14:15

Aurtengo denboraldia oso gogorra izan da Etxeberriarendako. MICHAËL GILSON / DIRECTVELO

Josu Etxeberria Azpilikueta txirrindulari profesional iturmendiarrak lesio gogorra gainditu du. Kontratua berrituta, 2023an beste pauso bat egin nahi du aurrera

Aurtengoa denboraldi oso gogorra izan da Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria Azpilikueta txirrindulari iturmendiarrarendako. UCI Pro Team mailan progresioan jarraitzea zen bere helburua eta gogotsu ekin zion denboraldiari, baina ekainaren 4an Ronde de l´Oisen eroriko larria izan zuen: bizkarrezurreko lau orno apurtu zituen. Sinestezina bada ere, hiru hilabete ondoren Luxemburgeko Itzulian bizikletara igo zen eta orain 2023an du burua, profesional mailan beste pauso bat aurrera eman nahi duelako. 

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak Jon Barrenetxeari, Jokin Murgialdairi eta zuri kontratuak berritu dizkizuete. Datorren urtean hirugarren urtea egingo duzu UCI Pro Team mailako taldean. Berri ona, ezta?
Bai, oso pozik nago. Aurtengoa ez da urte erraza izan. Lesio larriaren ondoren taldean jarraitzeko aukera eman didate, nigan konfiantza duten seinale, eta alde horretatik ere oso kontentu nago. 

Aurten gustura ekin zenion denboraldiari, sentsazio onekin, profesional mailan progresioa izateko helburuarekin. Ilusio handia zenuen. 
Bai. Gogotsu nengoen, eta erorketa izan baino lehen ongi sentitzen nintzen. Nahi nuen tokian nengoen, kategoriari ia erabat egokituta. Mallorcako Challengean, Portugalgo klasiko batean, Frantzian, Grezian, Turkian… gustura aritu nintzen. 

Espainiako Vueltarako gonbidapena ez jasotzea kolpe latza izan zen zuen taldearendako. 
Hasieratik zuzendariak eta taldeko arduradunak oso urduri zeuden kontu honekin. Hasierako kontzentraziotik nabaritzen zen urduritasuna, eta erabakia iritsi zen. Azkenean, Vueltan ez dago talde guztiendako tokirik, eta aurten kanpo geratzea egokitu zitzaigun. Formazioa da gakoa, eta, beraz, aurrera. 

Ekainaren 4an Ronde de l´Oisen eroriko larria izan zenuen. Zer gertatu zen?
Gure kirola arriskutsua da. Bizikleta gainean geroz eta azkarrago joaten gara eta erorketak jokoaren zati dira, baina egia esan batzuk oso arriskutsuak dira. Frantziako lasterketak oso urduriak dira. Azken finean, despiste bat izan zen. Lurrera erori nintzen, frantziar batekin, baina asfaltora erori beharrean ezponda batera erori nintzen, bizkarrez. Eta kolpe larria hartu zuen. 

"Medikuek esan zuten hiru hilabete geldirik egon behar nuela. Bai, ia! pentsatu nuen"

Bizkarrezurreko lau orno apurtu zitzaizkizun eta berehala ebakuntza egin behar izan zizuten, Frantzian bertan. Ebakuntza larria izango zen.
Ni momentu hartan ez nintzen neukanaz jabetu. Mina nuela bai, baina gutxi gehiago. Susto handia izan zen, erorketa batek zure bizitza guztia alda dezakeela jabetzen baitzara. 

Momentuan oinez ibiltzeko gaitasuna gal zenezakeela pasa al zitzaizun burutik?
Ez, hori ez, istripuaren ondoren nire kabuz altxatu nintzelako. Alde horretatik lasai nengoen, baina egia da burutik pasa zitzaidala pixka bat gehiago eta hor gera nintekeela. Susto handia hartu nuen, zinez. Hurrengo egunean ebakuntza egin zidaten. 

Zenbat denbora egon zinen Frantzian osatzen?
Guztira 10 egun. Aireportura anbulantzian eraman ninduten, eta hegazkinez etxera etorri nintzen. 

Nola izan zen ebakuntza ondoko osatze prozesua? Mingarria?
Ebakuntza ondotik oinaze handiak izan nituen. Sekulako mina, ezin nuen lorik egin. Ezin postura hartu, lo egitea ezinezkoa zen. Bizkarrean presio handia nabaritzen nuen, eta oinaze handia. Egia esan, gaizki pasatu nuen ebakuntzaren ondoren. Baina pixkanaka oinazeak pasatzen hasi ziren eta hobe. 

Zer zioten medikuek?
Medikuek esan zidaten hiru hilabete geldirik egon beharra nuela, ezer egin gabe, eta gero errehabilitazioarekin hasiko nintzela. Hiru hilabete geldirik egon behar nuela entzun nuenean pentsatu nuen: bai, ia! Nire kabuz, pixkanaka mugitzen hasi nintzen, egunero pixka bat gehiago, eta gorputzak ongi erantzuten zuenez, aurrera egin nuen. Jose Vilariño fisioterapeuta altsasuarrak hasieratik esan zidan lesioa konponduko zela, mugitzen hasterakoan prozesua azkartuko zela. Mugitzen hasi, eta geroz eta hobeki ikusi nuen nire burua. 

Medikuen pauta hiru hilabete geldirik egotea zen. Zure kabuz mugitzen hastea erabaki zenuenean, apustu handia egin zenuen. Kirolariak beste molde batekoak al zarete?
Gaztea naiz eta osatze prozesuan hori garrantzitsua da. Agian 40 urte izango banitu ez nintzateke horren azkar mugitzen hasiko. Bestalde, kirolari baten gorputza, agian, azkarrago senda daiteke. Nik argi nuen pixkanaka mugitzen hasiko nintzela gorputzak kitto esan arte. Gorabeherak izan nituen, baina gorputzak ongi hartu zituen nire saiakerak. Helburu txikiak jartzen nituen: lehen egunean pasilloari buelta bat ematea, gero kilometro bat egitea, hurrengo egunean bi, gero hiru… halakoak, eta zortea izan nuen, gorputzak ongi erantzuten zidalako. Hori ezinbestekoa izan zen, konfiantza eman zidalako. 

"Mugitzen hasi nintzen, egunero helburu bat jarrita. Eta gorputzak ongi erantzun zuen"

Vilariñorekin saio asko egingo zenituen. 
Bai, astean hiru aldiz elkartzen ginen. Laguntza handia izan zen. 

Kontratuaren inguruko presioak sentitzen al zenituen? Hau da, denboraldi guztia galduz gero kontratua ez berritzearen beldurra? 
Ez, horretan ez nuen pentsatzen. Lasai nengoen, lesioaren aurretik nuen maila erakusten ari nintzelako. Momentu horretan ongi nengoen eta taldeak ikusi zuen. Berritzearenak ez ninduen kezkatzen. Kontrakoa. Une batzuetan pentsatu nuen agian honek ez zuela horrenbeste ahaleginik merezi. Baina zalantza une horiek ere pasa ziren. Gertatutakoa lasai hartu nuen eta osatzen nintzen bitartean udaz disfrutatu nahi izan nuen. Izan ere, halako udarik ez baitut izan, nolabait esanda “oporretan” nagoela, beti lasterketetan bainago. Beraz, udaz disfrutatu nuen, lagunekin egon nintzen, eta geldialdi hori bizitzea ere ongi etorri zitzaidan. Eta denboraldi bukaeran bizikletara igo eta kapitulua itxi nuen. 

Istripua gertatu eta hiru hilabetera Luxemburgeko Itzulian parte hartu zenuen. Sinestezina da, guztiz. Noiz atera zinen lehenengo aldiz bizikletarekin entrenatzera?
Hasieran errodilloan hasi nintzen, ebakuntzatik 20 egunera. Eta ikusi nuenean errepidean ez nuela arazorik izango, istripua izan eta hilabete eta erdira atera nintzen bizikletarekin kalera. 60 kilometro inguru egin nituen, eta oso gustura sentitu nintzen. Errespetu handiz atera nintzen, hori bai, ezin nuelako beste erorketa bat izan. Alde horretatik beldur pixka bat nuen. 

Nola erabaki zenuen lasterketetara bueltatzeko moduan zeundela?
Geroz eta gehiago entrenatzen nuen. Nire maila fisikoa oraindik ez zen apartekoa, baina ongi nenbilen. Abuztu erdialdean ia-ia normal sentitzen nintzen eta orduan erabaki nuen lasterketetan aritzeko moduan nengoela, probatzeko moduan. Medikuarekin hitz egin nuen eta ikusi ninduenean esan zidan sinestezina zela, istripua gertatu eta bi hilabete eta erdira horrela egotea ez zegoela inoren aurreikuspenetan. Egia esan, nirean ezta ere. Eta baiezkoa eman zidan. Zuzendariarekin hitz egin nuen eta esan zidan argi banuen, probatzeko. Horrela, Luxemburgeko Itzulira joatea erabaki genuen. Presiorik gabe aritzeko esan zidaten, ahal nuena edo nahi nuena egiteko. Eta gustura aritu nintzen. Taldeari beti ongi etortzen zaio baja bat berreskuratzea, eta ni fresko nengoen mentalki baita fisikoki ere. Beraz, guztiendako ongi. 

"Medikuak ikusi ninduenean esan zidan ezinezkoa zela, ni horren ongi egotea ez zuela inork espero"

Berriro diotsut. Lau orno apurtu eta hiru hilabetetan lehian egotea, harrigarria da.
Bai (kar, kar...). Denak harritu ziren. Neu nire buruarekin ere harritu nintzen. Egunero hobekuntza bat izaten nuen. Gorputzak ondo erantzuten zuen eta zorte hori izan nuen. Egia da lan asko egin nuela ongi egoteko, baina azkenean gorputzak ongi erantzuten zuelako egin nuen aurrera. Nik ere ez nuen espero horren denbora laburrean osatzea. 

Lasterketan ohi baino kontu handiagoarekin aritu al zinen? Aldaketaren bat nabaritu al duzu?
Ez. Konfiantza handiarekin eta ziurtasun handiarekin aritu nintzen nire itzuleran. Ez nuen pentsamendu edo sentsazio txarrik izan. Sarritan halako erorikoen ondotik blokeoak izaten ditugu txirrindulariok, nolabaiteko shockak, bai entrenatzen edo lasterketetan gaudela, erorikoa gogoratu eta ezinean gelditu, esaterako, baina ez nuen halako pentsamendurik izan eta alde horretatik ere oso pozik nago. Ez dut beldur sentsaziorik izan. 

Halako erorketaren ondoren osatzea eta denboraldia bizikleta gainean bukatzea, inolako blokeo sentsaziorik gabe, satisfazio handia izango da.
Guztiz. Gertatu zitzaidan guztia alde positibotik hartu nuen eta pentsatzen dut horrek ere lagundu izan didala. Baikor izaten saiatu nintzen, baina oraindik zerbait gelditzen da hor azpian, errespetu handia baitiet erorketei. Ez dakit nola izango den nire hurrengo erorketa, baina, beno...

Txirrindulariek normalean urriaren erdialdetik aurrera atseden hartzen duzue eta azaroan hasten zarete entrenatzen. Zure denboraldia berezia izan denez, zu ere atseden hartzen ari zara edo normal entrenatzen ari zara?
Udan geldialdia egin nuenez, denboraldi bukaeran ongi nengoen, mentalki baita fisikoki ere, eta ez nuen geratzeko beharrik izan. Hortaz, normal jarraitu dut. Agian ez dut entrenamendu espezifiko ez oso zorrotzik egin, baina bizikletan aktibo mantendu naiz. 

Berehala hasiko zarete denboraldia prestatzeko kontzentrazioekin. 
Azaroaren erdialdean hiru egunetako kontzentrazioa egingo dugu, taldea ezagutu eta datorren urteko denboraldia prestatzen hasteko. Ilbeltzean beste kontzentrazio bat izaten dugu, eta hor topera ibiltzen gara entrenatzen, berehala denboraldia hasten baita. Bi hilabete eta erdi eskas ditugu hasteko, denboraldi bat bukatu bezain pronto bestea hasten baita. Eskerrak ez naizen ziklo-krosean aritzen, bestela dena jarraian litzateke. 

“Itzuleran konfiantza eta ziurtasun handiz aritu nintzen. Ez nuen blokeorik izan"

Hurrengo denboraldian zer espero duzu?
Gogotsu nago, konfiantzarekin. Aurreko denboraldiko prozesua aurrera eramanez, pauso bat gehiago ematea nahiko nuke. Nik uste dut beste pauso hori emateko prest nagoela; ea noraino irits gaitezkeen. Ahal den gehiena, beti. 

Denboraldi txarrari alde onena ere atera diozu, eta pentsatzekoa da honek guztiak zure heldutasunean ere eragina izan duela, onerako. Ea datorren denboraldian zortea lagun duzun.
Eskerrik asko!