Joan den urtean baino 32.920,34 euro gehiago ditu Iturmendiko Udalak bere aurtengo aurrekontuan, guztira 387.131,5 euro zehazki. Imanol Arbizu Perpiña alkateak azaldu duenez, "guztiak gora egin du: Sakanako Mankomunitateari egin beharreko ekarpena, lanak egiteko aurrekontuak, elektrizitatea eta beste; horregatik, handitu da aurrekontua". Udalean premiazko jo dute Santa Marina kaleko sareak eta zoladura berritzea, baita bero sarea han sartzea ere. "Hura ez beste, herri guztia berrituta dago, baina aurrekontu handia dute lanek eta, horregatik, lan hori Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planera edo dirulaguntza deialdira aurkeztu dugu. Oraindik ez dute ebatzi. Eta ez dakigunez zenbat diru emanen diguten, aurten ez dugu lan horri aurrekontuan sartu", azaldu du Arbizuk. Deialdi horretara aurkeztu duten eskaera bakarra dela zehaztu du.
Alkateak jakinarazi duenez, 2021eko euriteek kalteak eragin zituzten Urbasan dagoen Santa Marinarako bidearen goiko partean, luizia izan zen. Gainera, San Pedro ermitatik pasatzen den bidearen zati batean urak harea eraman eta harriak agerian utzi ditu. Konpondu beharreko bi bide horiez aparte, ibaiak gainezka egiten du eta ibai ondoan hainbat txukuntze lan egin nahi ditu udalak. Udalak estatuari 25.424,79 euroko balioa zuen proiektua aurkeztu zion eta hark euriteek eta uholdeak eragindako kalteak konpontzeko 12.362,51 euroko dirulaguntza eman zion.
Bestetik, udalek nahi bezala erabiltzeko dirulaguntza jaso dute Nafarroako Gobernutik. Iturmendikoak, zehazki, 19.087,20 euro eskuratu ditu. "Gaztetxea hartzen duen eraikina udalarena da. Erdia gazte egoitza gisa erabiltzen da eta beste erdia udal biltegi gisa", azaldu du alkateak. "Etxeko teilatua berritu zen, baina udalaren zatian lurra oso gaizki dago eta konponketaren bat egin nahi dugu. Ez dakit diru horrekin zertarako iritsiko den, aztertzen ari gara", azaldu du alkateak.
Frontoian 2021ean LED argiak jarri zituen udalak, joan den urtean margotu egin zuten eta, martxoko azken astean herriko armarria eta Iturmendi hitza jarri dute. Paretara itsatsitako biniloak dira, irudia eta hitza. Kirol azpiegiturako teilatuan dauden itajurak udalaren egitekoen zerrendan daude. Azken hori ez beste guztiak izanen dira Iturmendiko Udalak eginen dituen inbertsio nagusiak. Horretarako, guztira, 66.266,31 euro daude aurrekontuetan.
Etxebizitza
Mediku kontsultategiaren gainean sendagilearen etxea zena dago. 160 metro karratuko azalera du etxebizitzak. Iturmendiko Udalaren asmoa da hura bitan banatzea eta bi etxebizitza egitea. Arbizuk azaldu duenez, Nafarroako Gobernuko Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan jarri eta aukerak aztertu nahi dituzte.
Bestetik, almintearen lanpostu hutsa bete ondoren, Bakaikuko eta Iturmendiko udalek partekatzen duten lanpostu bat, administrari laguntzailea, kontratatzeko deialdia noiz egin aztertzen ari dira. Izan ere, Europako araudiak behartuta, administrazio publikoko langileen arteko behin-behinekotasuna %8 baino txikiagoa izan behar du 2024ko akaberarako.
Festen egutegia
- Maiatzak 1, astelehena, maiatzaren jasotzea.
- Maiatzak 13, larunbata, San Migel.
- Garagarrilak 4, domeka, Trinitatea.
- Garilak 14-18, ostiraletik asteartera, festak.