Astekaria

Enplegu publikoaren %69 egonkortzeko deialdiak eginak

Guaixe 2023ko urt. 11a, 12:03

Gizonezkoa Ergoienako udaletxera sartzear. ARTXIBOA

Ibarreko tokiko erakundeetan 219 lanpostu betetzeko deialdiak eginen dira urte bukaera bitartean. Europako araudiak behartuta, administrazio publikoko langileen arteko behin-behinekotasuna %8 baino txikiagoa izan beharko du 2024ko akaberarako.

Gobernu, mankomunitate eta udalendako lan egiten duten langile publikoen artean behin-behinekotasuna handia da. Hego Euskal Herrian langile publikoen %40 inguru egoera prekario horretan daude. Estatuko langile publikoen egoera orokortu horrek aldi baterakotasunaren gehiegizko erabilera debekatzen duten Europako Zuzenbidearen arauak urratzen ditu. Horregatik, Europak behartuta, estatuak administrazioetan behin-behinekotasuna %8ra arte murrizteko dekretua onartu zuen joan den urteko abenduaren 28an. Araudi horretan Europak agindutakoa betetzeko hartu beharreko premiazko neurriak zehaztu ziren. 

Legediak jaso duenez, egiturazko lanpostuak dira egonkortu behar direnak, beti ere, 2020ko abenduaren 31 baino lehen aldi batez edo modu jarraian langileak izan dituztenak. Enplegu publikoa egonkortzeko bi prozedura onartu dira. Batetik, oposizio lehiaketa deitu da 2017ko abenduaren 31 eta 2020ko abenduaren 31 artean aldi batez edo modu jarraian langileak izan dituzten lanpostuen kasuan. Bestetik, meritu lehiaketa deitu da 2016ko ilbeltzaren 1a baino lehenagotik hutsik dauden lanpostuen kasuan. 

Araudiari jarraituz, toki erakundeek deitu behar zituzten Lan Eskaintza Publikoen (LEP) berri Nafarroako Aldizkari Ofizialean maiatzaren 31rako eman zuten. Mankomunitateek eta udalek urtea bukatu arte dute LEP deialdi guztiak onartu beharko dituzte. Horregatik, Nafarroako Aldizkari Ofiziala zenbaki bereziak ateratzen ari da astelehenero. Azken horietan herrialdeko toki administrazioen LEPen berri ematen ari da. Argitaratu diren deialdi batzuetan jakinarazten da prozesua berehalakoan hasiko dela, beste batzuetan, berriz, iragartzen dute 2023an edo 2024an eginen dela. Izan ere, enplegu publikoan behin-behinekotasuna %8tik behera uzteko epea 2024ko abenduaren 31n despedituko da. Ordurako eskainitako lanpostu guztiak funtzionarioek edo lan kontratudun finkoak diren langileek bete beharko dituzte. 

Lanpostuak egonkortzeko deialdiak egiterakoan ere administrazio bakoitzak bere eskumenak ditu. Horregatik, nahiz eta udal langileak izan, idazkari eta kontu hartzaileen lanpostuen deialdiak Nafarroako Gobernuak egin ditu, eta ez udal edo mankomunitateek. Azken horiek administrari, zerbitzu anitzetako langile, euskara, kultura edo kirol teknikari, musika irakasle eta bestelako lanpostu hutsak betetzeko deialdiak egin dituzte. 

Ibarra 
Plantilla organikoetako kopuruak batuta, Sakanako toki erakundeetan 331 lanpostu daude. Baina langileak partekatzen dituzte hiru udal batasun daude. Batetik, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko udalek hiru langile partekatzen dituzte. Irañeta eta Arruazuko udalak hiru horietaz aparte ez dute langile gehiago; Uharte Arakilek, berriz, bi gehiago ditu. Bestetik, Bakaikuko eta Iturmendiko udalek bi langile partekatzen dituzte. Gainera, udal bakoitzak langile bana gehiago du. Eta, azkenik, Urdiain eta Ziordiko udalek bi langile partekatzen dituzte eta, horietaz aparte, udal bakoitzak hiruna langile ditu. Zazpi udal horien artean, beraz, zazpi langile partekatzen dituzte. Zenbait udaletan ere sekula bete ez diren lanpostuak ere badira. Hori guztia kontuan izanik ibarreko lanpostu publikoak 316 dira. 

Sakanako toki erakundeek garagartzaroaren 1erako argitaratu zituzten LEPak eta hiru udal batasunek egindako deialdiak kontuan hartuta, 206 lanpostu dira hurrengo hilabeteetan egonkortu behar direnak. Horiei idazkari eta kontu hartzaileen artean behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako Gobernuak egindako LEPeko lanpostuak gehitu behar zaizkie. Sakanan guztira 219 lanpostu huts betetzeko prozedurak martxan daude gaur egun. 

Datuak  
Sakanako toki erakundetako 316 lanpostuetatik 219 beteko dira eginen diren deialdien bidez. Hau da, ibarreko lanpostu publikoen %69,3 egonkortu behar dute prozesu horren bidez. Bestela esanda, ibarreko toki erakundeetan lan egiten duten langileen herenak (97) besterik ez du bere lanpostua jabetzan. Ibarreko hamabost udalen eta lau mankomunitateen artean errealitateak oso desberdinak dira. Ehunekoei erreparatuta lanpostu gehien egonkortuko dituztenak Arbizuko Udala (plantillaren %87,5), Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (%84,62), Olatzagutiko Udala (%80,56) eta Altsasuko Udala (%80,43). Beste aldean daude Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko udal batasuna (%20), Ergoienako Udala eta Bakaikuko eta Iturmendiko udal batasuna (%25). 

Kopuruari erreparatuta, deialdien bidez lanpostu gehien egonkortu dituzten toki erakundeak dira Altsasu (74), Olatzagutiko Udala (29) eta Sakanako Mankomunitatea (27). Lanpostu kopuru txikiena eskainiko duten udalak dira Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko batasuna, Ergoiena eta Bakaikuko eta Iturmendiko batasuna, bakoitzak lanpostu bana beteko du deialdi horren bidez. 

Erakundeak 
Nafarroako Gobernuak egin dituen bi deialdien bidez 13 idazkari eta kontu hartzaile plaza (%5,93) beteko dira ibarrean. Horiek kenduta 206 lanpostu dira toki erakundeek egonkortu nahi dituztenak. Hala, Arakilgo Udalak plantillan zazpi langile ditu. Prozesu honen bidez lau lanpostu (%57,14) egonkortuko ditu: almintea edo zerbitzu anitzetako langilea, administrari laguntzailea, sozio-kultura dinamizatzailea eta garbitzailea. Ibarrean egonkortuko diren lanpostuen %1,83 dira Arakilgo Udalarenak. 

Irurtzungo Udalaren plantillak 32 langile daude. Orain 13 lanpostu (%40,63) egonkortuko dira. Haietatik zazpi lanpostu garbitzailearenak dira, lau musika irakaslearenak eta bi gaztetxokoko begiralerenak. Irurtzungoak egonkortuko diren Sakanako lanpostuen %5,94 dira. 

Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuko udalen artean bost langile dituzte eta LEP bidez orain lanpostu bat (%20) egonkortuko dute, zerbitzu anitzetako langilearena. Udal batasunaren deialdiarekin beteko den lanpostua Sakanakoen %0,46 da. 

Lakuntzako Udalaren plantillan hamalau lanpostu daude eta haietako bederatzi (%64,29) egonkortuko dira orain: sei musika irakasleren lanpostuak eta administrari ofizial, garbitzaile eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bana. Lakuntzan egonkortuko diren lanpostu horiek ibarrekoen %4,11 dira. 

Arbizuko Udalak plantilla organikoan aurten zortzi langile ditu eta LEP bidez zazpi lanpostu (%87,5) egonkortuko ditu: lau kirol begirale, sorosle-kirol koordinatzailea, sorosle begiralea eta garbitzailea. Arbizukoak Sakanan egonkortuko diren lanpostuen %3,2 da. 

Ergoienako Udalak lau langile ditu eta lanpostu bat (%25) egonkortzeko prozedura abiatu du, zerbitzu anitzetako enplegatuarena. Ergoienako lanpostu hori ibarrean egonkortuko direnen %0,46 da. 

Etxarri Aranazko Udalarendako 27 langile ari dira (2021eko plantilla organikoko datua). Orain 14 lanpostu (%51,85) egonkortzeko prozesua abiarazi du udalak: zortzi musika irakasle, bi zerbitzu anitzetako langile, bi administrari ofizial, arduraduna eta zerbitzu anitzetakoa eta administrari laguntzailea. Sakanan egonkortuko diren lanpostuen %6,39 dira etxarriarrak. 

Bakaikuko eta Iturmendiko udalendako lau langile ari dira lanean eta haietako baten lanpostua (%25) egonkortuko du udalak: administrari ofiziala. Bi udalen lanpostu hori ibarrean egonkortuko direnen %0,46 da. 

Urdiain eta Ziordiko udalek zortzi langile dituzte eta lau lanpostu egonkortuko dituzte (%50). Bi udalendako lan eginen duen zerbitzu anitzetako langilearen lanpostua batetik. Urdiaingo Udalak, bestetik, garbitzailearen eta liburuzainaren lanpostuak egonkortuko ditu. Ziordikoak, berriz, liburuzainarena. Ibarrean egonkortuko diren lanpostu guztien %1,83 da. 

Altsasuko Udalean eta bere erakunde autonomoetan (Musika eta Dantza Eskolan eta Aita Barandiaran adinduen egoitza) guztira 92 langile ari dira. Egonkortze prozesuaren bidez 74 (%80,43) lanposturen behin-behinekotasunarekin bukatuko da. Honako lanpostuenak hain zuzen ere: 17 zaintzaile, 12 musika irakasle, 8 garbitzaile, 7 zerbitzu anitzetako langile, 5 begirale-sorosle, 4 haur hezitzaile, 3 begirale, 2  administrari ofizial, mandataria, administrari laguntzailea, aparejadorea, gazteria eta partaidetza teknikaria, ludotekaria, ludotekako laguntzailea, arduraduna, mendietako eta zerbitzu anitzetako enplegatua, igeltsero eta zerbitzu anitzetako enplegatua, atezaina, dantza irakaslea, adinduen egoitzako zuzendari kudeatzailea, erizaina, mantentze lanetako langilea eta harreragilea. Prozesuaren bidez Sakanan egonkortuko diren lanpostuen %33,79 Altsasukoak dira. 

Olatzagutiko Udalean eta bere erakunde autonomoa den musika eskolan guztira 36 lanpostu daude. Haietatik 29 (%80,56) orain egonkortuko dira: Udan Euskaraz programako 12 begirale, 6 etxezain-garbitzaile, 5 musika irakasle, 2 sorosle, 2 gaztetxokoko begirale, administrari laguntzailea eta pintura irakaslea. Olatzagutian egonkortuko diren lanpostuak ibarrekoen %13,24 dira. 

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan bederatzi lanpostu daude eta haietako sei (%66,67) egonkortuko dituzte: 3 familia langile, 2 gizarte hezitzaile eta gizarte langile bat. Ibarrean egonkortzeko dauden lanpostuen %2,74 da. 

Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bederatzi lanpostuetatik bost (%55,56) egonkortzeko daude: bina gizarte hezitzaile eta familia langile eta gizarte langile lanpostua. Sakanan egonkortuko diren lanpostuen %2,28 dira erakunde horretakoak. 

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hamahiru langile ditu eta hamaika lanpostu (%84,62) ditu egonkortzeko: hiruna familia langile gizarte langile, 2 gizarte langile, administrari laguntzailea, psikologoa eta garbiketako peoia. Horiek ibarrean egonkortuko diren lanpostuen %5,02 dira. 

Azkenik, Sakanako Mankomunitateak dituen 48 lanpostuetatik 27 (%56,25) egonkortuko ditu: 13 gidari peoi, 6 peoi, 2 gidari, 2 hezitzaile, administrari laguntzailea, gizarte hezitzailea, hondakin plantako arduraduna eta ofiziala. Ibarrean prozesu horren bidez egonkortuko diren lanpostuen %12,33.