Auzipetuak jaso ditu zigor eskaerak

Guaixe 2024ko eka. 17a, 11:54

Atxiloketa salatzeko egin zen bilkura. ARTXIBOA

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzarena UPNrena baino handiagoa da. Auzia ohi baino azkarrago tramitatzen ari dira.

Sare sozialetan argitaratutako iruzkinak terrorismoa goratzeko eta biktimak umiliatzeko dira, beraz delitua da. Horixe egotzita atxilotu zuen Espainiako poliziak iturmendiar bat otsailaren 6an. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6 zenbakiko Epaitegi Zentralaren aginduz egin zen atxiloketa, Joaquin Gadea epaileak eskatuta. 63 urteko emakumezkoa haren aurrera hurrengo egunean eraman zuten, eta ez deklaratzeko eskubidea baliatu ondoren aske utzi zuen. Ordutik hamabostean behin Iruñeko auzitegian aurkeztu behar izan da.

Iturmendiarrak Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren zigor eskaera jaso zuen atzo: bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 6.800 euroko fidantza. Gadea epaileak auzibidea UPN alderdiak aurkeztutako salaketa baten ondorioz abiatu zuen. Epaiketan akusazio partikularra dira erregionalistak eta iturmendiarrarendako bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eta 4.500 euroko fidantza eskatu dute.

Iturmendiko elkartasun taldeko kideek azaldu dutenez, auzipetuak fiskaltzak eskatutako dirua gaur bertan aurkeztu beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalean, bestela atxilotua izan edo bere ondasunen bat bahi diezaiokeelako auzitegiak. Taldekideek azaldu dutenez, "fidantza hori jarrita bermatu nahi dute jarri diezaioketen isuna ordainduko duela". Elkartasun taldetik gaineratu dutenez, "epaiketa datarik ez du oraindik, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko prozedurak baino azkarrago doa prozedura hau". Gaztigatu dutenez, auzitegia agorrilean itxita dago. Beraz, epaiketa balego aurretik edo ondoren litzateke. Baina, dirudienez, aurten izanen da epaiketa.

Aipatu elkartasun taldea atxiloketa izan eta berehala eratu zuen. Astebetera dagoeneko auzipetuaren gastuei aurre egiten laguntzeko dirua biltzen hasi ziren. Horretarako, hainbat ekimen egin dituzte, besteak beste, zozketak. Taldearen beste jarduera bat auziari buruzko informazioa ematea da. Horregatik, aipatutako guztiaren berri emateko herri batzarra deitu zuten Iturmendiko plazan, atzo arratsalderako.