Estandartea elizan gelditu da

Guaixe 2025ko urt. 27a, 11:30

Zaharberritu ondoren ondo zainduta egotea lehenetsi du kofradiak.

San Anton kofradiako kide iturmendiarrak ilbeltzaren 19an elkartu ziren. Hildako sanantondarren mezan izan zen. Haiekin batera hainbat herritar izan ziren. Kofradeek elizatik atera eta parean dagoen eliz etxera joan ziren. Han urteroko batzarra egin zuten. Erabaki zuten kofradiako maiordomo edo priore berria Esteban Azpiroz izendatzea. Banderaduna, berriz, Javier Jungitu izanen da. 

Azken sanantondar hori izan da kofradiako bandera elizan ikusgai jartzeko mahaia egin duena. Eliza barruan, atearen parean, San Antonen koadroaren azpian jarri dute mahai hori, meza bukatu ondoren iturmendiarren arreta piztu zuena. Haietako batek zendutako aita gogoan izan zuen: "hark hainbestetan etxean bilduta gordetako bandera da". Mahaiaren goiko partean, kristalez babestuta, San Antonen irudia duen estandartearen zatia ikusten da. Mahairen azpian jarritako ispilu baten bidez, berriz, estandartearen beste aldean dagoen San Migelen irudia ikus daiteke, Iturmendiko eliza hari eskainia baitago. 

Estandartea zaharberritzeak 2.000 euroko kostua izan zuen kofradiarendako. Lana egin zuenak adierazi zien ongi zaindua egon behar zuela. Eta, horregatik, hura behar bezala babestu eta erakusteko mahai berezia egin dio Jungituk. Horretara 500 euro bideratu dira. Sanantondar iturmendiarren asmoa da mahaitik hiru bat metro gorago dagoen San Antonen koadroa beherago jaistea, mahaiarengandik gertuago egon dadin.

Erlazionatuak