Karmes egunarekin hasiko dira Iturmendiko festak, uztailaren 16an, asteazkenean, eta egun horretan ekimen berezi bat izanen da herrian: Herriko Frontenis Txapelketaren Finala. Maiatzaren hasieran hasi ziren txapelketarekin hamasei bikote helduen kategorian eta hamar haur haurren kategorian, Urko Agirre Iturmendiko kirol zinegotziak azaldu duenez. Iturmendin ohitura handia dago frontenisera jokatzeko, eta finalak "ikusmina" sortzen du.
Duela bi urte hartu zuen Iturmendiko Udalak Frontenis Txapelketa antolatzeko ardura. "Bere garaian" gaztetxeak antolatzen zuen, eta berriz martxan jartzeko lekukoa hartzea erabaki zuen udalak. "Hainbat herritarrek" parte hartzen zutela esan du Agirrek, "jendeak gustura hartzen du".
Guztira, 32 iturmendiarrek parte hartu dute helduen kategorian, eta haurren kategorian hamar. "Aurreko urtean helduen kategoria antolatu genuen bakarrik, baina ikusita harrera ona izan zuela, eta gazteak ere interesarekin zeudela, aurten haurren kategoria antolatu dugu ere". 14 urtetik gora helduen kategoria da, "eta helduen kategorian 14 urteko neskak eta 50 urteko pertsonak daude".
Txapelketa
Iturmendiko Frontenis Txapelketa maiatzeko eta ekaineko ostiral eta larunbatetan jokatu da. Haurren kasuan "ez da hain txapelketa": astero bikote desberdinarekin jokatzen joan dira, "pixka bat nahastuta jokatzeko"; zinegotziak azaldu duenez, helburu bakarra kirola egitea da. Helduen kasuan hamasei bikote ziren eta hasieran lau bikoteko taldeak egin ziren eta ligilla antzeko bat jokatu zuten; hortik hoberenak final laurdenetara pasa ziren, ondoren final erdietara eta, bukatzeko, festetako lehenengo egunean jokatuko den finalean bikote txapelduna, txapeldunordea eta hirugarren eta laugarren sailkatuak ezagutuko dira. Sariak herriko komertzioetako produktuak izaten saiatu direla esan du Agirrek.
Txupinazoaren ondoren kirola? "Nahita dago jarrita lehenengo egunean. Jende askok parte hartzen du. Beste urte batzuetan ere futbito partiduak egin izan dira, eta normalean lehenengo egunean izan dira. Ez da ajearen aitzaikirik izanen!". Hala ere, baten batek esan dio festetan jende asko ikusten egonen dela eta nolabait lotsa pixka bat ematen diela.
Herriko festak
Iturmendiko festak "gogoarekin" espero ditu Agirrek. "Pixka bat urteroko plana. Lagunekin parranda pixka bat egin, familiarekin egon... Herria elkartzeko aitzakia dira festak". Lehenengo egunean Karmes eguna da, "eta guk familia bazkaria egiten dugu". Hori da Agirreren festetako unetxo gogokoetako bat; bestea Santa Marinara lagunekin egiten duten erromeria da. Erromeria uztailaren 18an izanen da.
Uztailaren 16tik 20ra ospatuko dira Iturmendiko festak; lehenengo egunean Karmes eguna ospatuko dute, ostegunean Haurren eguna izanen da, 18an Santa Marina eguna, 19an Kalderete eguna eta azken eguna Jubilatuei eskainiko diete.