Sanantondarren estandarte berria

Guaixe 2026ko urtarrilaren 19a

Iturmendiko San Anton kofradiaren estandarte berria mezan bedeinkatu zuen apaizak. 

Sanantondar iturmendiarrak domekan, ilbeltzaren 18an, mezan bat egin zuten. Elizkizunaren akaberan Javier Aldabe Arbea apaizak kofradiaren estandarte berria bedeinkatu zuen. Kofradiak 25 kide ditu. Joan den urtean Angel Mari Aristu Larrainzarren baja izan zuen eta Marc Lugas Moraren alta. Apaizetxean batzarra egin eta erabaki zuten banderadun ardura izan zuen Javier Jungituk kofradiako maiordomo edo priore berri izendatzea. Bera arduratuko da kofradiaren liburua zaintzeaz. Esteban Azpirozi hartu dio lekukoa. Banderadunaren ardura Martin Gabirondok hartu zuen. Batzarrean ere 2023tik 2025era bitarteko kontuen berri eman zen. Bitarte horretan jatorrizko estandartea zaharberritu (2.000 euro) eta hura elizan ikusgai jartzeko egin egitura (500) egin ziren. Nicolas Arbizu Gabirondok kofradiaren historia laburbiltzen duen liburuxka bana oparitu zien kofradeei. 

Aurtengo berrikuntza izan da estandartearen kopia. Jatorrizkoan oinarrituta Mari Carmen Arbizu Gabirondok egin du. Jatorrizkoaren irudien argazkiak Altsasun egin zituzten eta haiek oihalean inprimatu zituzten Iruñean. Hiriburuko denda pare batean erosi zituzten oihalak eta lihazkiak. Jatorrizko lihazkiak bi koloretakoak ziren, berria kolore bakarrekoa. Jatorrizko estandartea baino pixka bat handiagoa bada ere, duen antzekotasunarekin harrituta gelditu ziren iturmendiarrak. Hari eusteko makila jatorrizkoa da. Sortutako gastuak aurtengo kontuetan sartuko dituzte. 

Batzarraren ondoren kofradiako kideak Aritzaga elkartean bazkaldu zuten. Mahaiaren bueltan 20 bat kide elkartu ziren.

Erlazionatuak