Iturmendin aurten lau kinto daude: Aitana Guerrero Carrasco, Jon Bujan Goikoetxea, Asier Zufiaurre Caballero eta Marc Tugas Muela. Guztiak ere 2008an jaiotakoak. Haiekin batera kinto gazteak eta kinto zaharrak izan dira, bi eta urte bat gazteagoak edo zaharragoak hain zuzen ere. Guztira bost urtetan jaiotako gazteak batu ditu asteburuko kinto ospakizunak, guztira hamasei gazte. Taldea osatzeak festarako giroa erraztu eta elkar ezagutzeko bidea eman die. Herriko gainerako kintadak ez dira elkartu.
Kinto eskea zer den badakite, urte berri egunean, urtea aldatu eta berehala etxez etxe ibili baitziren kinto eskean. Larunbatean, tarteka geldialdiak egin zituzten jotak dantzatzeko. Eta kintoek eskertu zuten herritarrek haien poztasunarekin bat egitea eta haiekin dantzatzea eta disfrutatzea. Iturmendiar emaileei orduan moskatela eta pastak eskainiz eskertu zieten haien eskuzabaltasuna. Eguberritan jasotako diru hura asteburuko ospakizuna prestatzeko ederki baliatu dute kintoek: jatekoak eta edatekoak erosi, elkarteko gastua... Izan ere, larunbateko jatetxeko afaria ezik, haiek prestatu baitituzte gainerako jatordu guztiak. Dirua soberan geldituz gero, heldu den urteko kinto ospakizunetarako gordeko dute.
Neguko ospakizunaren ondoren, kintoek udaberrian izanen dute zeregina. Izan ere, plazan jartzen den maiatza prestatzen eta herrira eramaten lagundu behar dute. Hilabetea zutik egin ondoren, pago enborra enkantean saltzen da eta irabaziak kintoendako dira.