Aupa gaztiek!

Erabiltzailearen aurpegia Irati Altzelai, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladaren izenean 2016ko abe. 16a, 10:11

kolaboratzaileak

Sakana kolore grisez margotu dute berriro; gatazka politiko hau ebidentziara
Eramanez, herri oso bat kolpatu dute. Muntai polizial eta mediatiko gordinak
Altsasuko gazteria erreprimitu du. Beste behin ere urte askotan zehar gertatu
izan den bezala, terrorismoaren aitzakiapean gazteriaren eta herri oso baten
sufrimendua ekarri dute haien mehatxu, errepresio eta muntaiekin.

Jo puntutzat izan dute Sakana betidanik. Jarraipena ematen dio zuen atxiloketa
bidegabe eta arrazoigabeak urtetan eskualde honek pairatu duen
zapalkuntzari. Baina erantzuna masiboa izan da, milaka eta milaka pertsona
mobilizatu dira “Alde hemendik!” lelopean, estatu espainiarrari argi uzteko ez
ditugula bere indar polizialak gure herrietan nahi.

12 familia gehiago bereizirik, 12 guraso gehiago beren seme-alabengatik
kezkatuak eta atsekabetuak, 12 gazte gehiago haien anaia-arrebak 500
kilometrotara dituztela sufritzen, 12 herritar gehiago haien lagunekin hilean
behin hitz eginez, 12 neska-mutil gehiago haien bikotekidea nahi baino
gutxiagotan ikusiz... Baina ez dezatela uste herria isilduko dutenik, inoiz baino
elkartuago dago, borrokatzeko prest, injustizia hauekin bukatzeko prest.

Gazteria indartsu dabil, eta horren beldur dira. Beldur horren ondorio dira
kontrolak, mehatxuak… eta tabernetako probokazioak. Errepresioaren kateak
herdoil daude, ordea, eta gutxi falta zaie guztiz puskatzeko. Bidaliko ditugun
eguna geroz eta gertuago dago eta Guardia Civilak gure herrian duen
zentzugabezko existentzia bere amaierara iritsiko da.

Beraz, Etxarriko Gazte Asanbladak elkartasun eta animo guztiak helarazi nahi
dizkizue atxilotuei eta Altsasu herriari berari ere. Erasoei erantzutea denon
esku dagoelako mobilizazio guztietan parte hartzea beharrezkoa ikusten dugu.
Animo eta eutsi gogor! Egurreee!