Kolaborazioa

Etxarri Aranazko "etxe merke"-ek 75 urte dagoeneko

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Erdozia Mauleon 2026ko apirilaren 20a

1954ko 60 etxebizitza "merkeak" 1etik 30era mendebaldeko lerroan eta 31tik 60ra ekialdekoan. Bertan ere izendaturik hamarkada horretan eta hurrengoan zeudenak eta egin zirenak inguruan.

Etxarriko bidegurutzetik Lizarraga aldera doan bideberriaren ekialdeko baztarrean daude bi lerrotan eraikiak, Zugarretako baselizaren parean hasi eta garai bateko “panificadora” edo okindegiaren eraikuntza zaharreraino.

"Patronato de construcción Francisco Franco de Navarra"-k bultzatu zituen eta bi txandatan eraiki zuten ordukoan "Casas baratas" izena ezarri zioten auzoa:

• Lehen txandan (1951-1953), mendebaldetik 24. etxea arte eta ekialdetik 52.a arte eraiki zuten. 46 etxe guztira, udalak 48 eraikitzeko akordioa hartu bazuen ere.

• Bigarren txandan (1953-1954), gainerako 14 etxeak, aurrekoen segidan, 30.eraino mendebaldetik eta 60.eraino ekialdetik.

Aireko mapan ikus daitekeen moduan, binaka elkarri itsatsitako bi etxe lerro ageri dira, hogeita hamar etxebizitza lerro bakoitzean eta iparralde-hegoalde norabidean lerrokaturik. Bi etxe lerroen artean, eraikin txikiagoak ageri dira markaturik, bat etxebizitza bakoitzeko eta beste lerroko etxebizitzarenari itsatsita.

Hauxe estarbi (ukuilu), biltegi edo dena delako moduan erabiltzen zen. Etxebizitza eta beste eraikinaren arteko eremuak, baratzea izateko aukera ematen zuen.

60 etxe merkeen lehen jabeek, hilero-hilero, 133 pezeta ordaindu behar zituzten 20 urteetan zehar: 131,55 etxea ordaintzeko eta 1,45 pezeta, kontuak eramaten zituen Maria Elizalderendako. Guztira 31.920 pezeta, egungo 200 euro baino pixka bat gutxiago. Nola aldatu diren gauzak!

Mendebaldeko lerroan 18 zenbakia eramaten zuen etxearen eta honen atzealdeko eremuaren planoa, etxean sartu eta ezker aldera zituela komuna eta sukaldea, zenbaki bikoiti guztietan bezala. Aurrez aurrekoak banaketa berarekin, baina komuna eta sukaldea etxean sartu eta eskubi aldera, zenbaki bakoitik guztiak bezala. Banaketa hauxe, mendebaldeko etxeena zen; ekialdeko lerrokoetan, alderantziz. Finean, etxe guztiek zeramaten komuna eta sukaldea fatxadaren aldean.

Ganboikoa (ganbara goikoa) edo teilatu azpia, dena irekia zen, ez zeuden bertan eremu banaketak eta eguzkialdera (1-30 zenbakidunetan)/sartaldera (31-60 zenbakidunetan) ematen zuen ate-leihoa zeukan bertatik, polearen medioz, belarrak eta gainerakoak sartzeko. Erdialdean altuera gehiago zuen eta eguzkialdeko eta mendebaldeko bazterretan gutxiago, teilatuak markatzen zuen eran. Bertan teilatuari eusten zioten egurrezko habe nagusiak zeuden eta hantxe biltzen ziren negurako belarrak eta tresna txiki eta baliotsu guztiak.

Artazuriketak bertan egiten ziren eta baita artaporkak ere hantxe zintzilikatu.

Erlazionatuak

Auzolanean egindako etxeak

Alfredo Alvaro Igoa 2025 api 16 Etxarri Aranatz