2023ko martxoaren 8an argitaratu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30ean Euskal Herriko lehen Greba Feminista Orokorra. Geroztik, feministok buru belarri aritu gara grebaren prestaketarekin eta honek eskatzen dituen aurretiko lan guztiekin: saretzeak, asanbladak, greba batzordeak... Sakanan, eskualdeko Asanblada Feministan hartu dugu parte eta gure herrietako greba batzorde zein batzarretan dihardugu lanean. Baina, zergatik greba orokorra? Zergatik feminista? Zertarako?
Urteak daramatza Euskal Herriko Mugimendu feministak zaintzak erdigunean jartzen eta lehentasun politikotzat markatzen. Bizi dugun krisi anizkoitzaren testuinguruan, zaintzaren krisia larria da. Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko, eta pertsona guztiontzako bizimodu duina eraikitzeko ezinbestekoak dira. Gainera, komunitatean landu eta garatu behar ditugu eta ardura kolektiboa da, denona beraz. Baina sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak arautzen du nork merezi duen zaintza eta nori dagokion zaintzea. Eta bide horretan, emakumeongan* erortzen dira zaintza lanak, ikusezin bihurtzen dira eta modu prekarioan merkantilizatzen dira.
Gazte feministok argi dugu ez dugula sistema hau erreproduzitu eta zainduko. Horregatik, azaroaren 30ean zaintzaren eskubide kolektiboaren alde aterako gara kalera, Zaintza Sistema Publiko komunitarioaren alde, zaintza lanak aitortzeko, zaintza lanen esplotazio, feminizazio eta arrazializazioaren aurka. Zaintza ardurak kolektibizatzeko eta birbanatzeko aldarria egiten dugu, gure bizitzen aurka egiten duen sistemaren aurrean antolatzea eta borrokatzea erabaki dugulako.
Horretarako aterako gara kalera azaroaren 30ean, denon bizitzak erdigunean jartzeko.