Altsasutik agur eta eskerrik asko

Erabiltzailearen aurpegia Antton Ramirez de Alda, Koldo Arnanz Zufiaurre eta Igone Goikoetxea Gomez (Altsasu Gurasoak)

10 urte igaro dira eta egutegiak ia data berdinetan eskaintzen dizkigu Altsasuko Ferien ospakizunak, urriaren 16, 17 eta 18ko asteburuan. Urriaren 14tik 15erako gau hartan historia ahaztezin bat hasi zen gure herriarentzat: herriko hainbat gazteren, kalez jantzitako bi guardia zibilen eta haien bikotekideen arteko istilu batek tsunami politiko, sozial zein mediatikoa eragin zuen. Ez zen gure eskualdean bakarrik bizi izan; Euskal Herri osora zabaldu zen eta Estatuko beste leku batzuetara ere iritsi zen (bereziki Kataluniara) zein hortik kanpora, "Altsasu Auzia" gisa ezagutuz.

Hamarkada bat igaro da eta oraindik ere gazte hauen egoeraz galdetzen diguten pertsonekin egiten dugu topo. Gogoan dugu 2026ko martxoan amaitu zuela zigorra betetzen azken zigortuak; beraz, idatzi honek informazio gisa balio dezala eta, era berean, behin betiko agur gisa.

Gazte hauen aurkako zigor eta mendekuzko egoera bizi izan dugu, 10 urte iraun duena. Jatorrian, argitu ezin izan ziren gertakari batzuk egon ziren, baina Guardia Zibila eta Altsasuko gazteak tartean egonda, Estatuko aparatuek zuzenean esku hartzeko erabakia hartu zutela uste dugu. Ez ditzagun ahaztu —eta hala frogatu zen ibilbide judizialean zehar— Guardia Zibilak duen boterea, ezta Euskal Herrian garaian zegoen egoera politikoa ere, zeina normalizazio eta bizikidetza demokratiko baterantz aurrera egiteko apostuak hasiak ziren.

Erabaki horretatik abiatuta, bere garaian muntai politiko, mediatiko eta judizial gisa definitu genuena eraiki zen, bide errepresibo luzeari eta eskandalu sozial erraldoi bati hasiera emanez.
Horrek guztiak ekarri zuena www.altsasumemoria.com webgunean bilduta dago dagoeneko, Sakanan bizitako historia hau ez ahazteko memoria-ariketa gisa.

Nabarmentzekoa da urte hauetan zehar bidegabekeriazko kasu eta egoerak nola errepikatzen diren ikustea, non elementu berberak elkartzen diren, baita hitzen zein hedabideen mailan ere: Lawfare-a, justiziaren politizazioa, errugabetasun-presuntzioa bezalako kontzeptuak... gaur egun errepikatu egiten dira disidentzia politikoaren aurkako beste zigor-kasu batzuetan, Euskal Herrian zein hemendik kanpo, eta bizi eta pairatu genuen bidegabeko egoera hura gogorarazten digute.
Baina kontakizuna aldatuko dugu; izan ere, opari gisa eman ziguten Aurrera Altsasu elkartasunezko abesti ahaztezin hark esaten zigun txarrenari onena atera behar geniola.

Agur-idatzi honen bidez, eskerrak eman nahi dizuegu ibilbide honetan emandako laguntza guztiagatik. Jasotako babesa hain izan da handia —kantitatez nahiz kalitatez— eta hain gertukoa, non ez dugun izenik aipatu nahi, inor ahaztu gabe ez uzteko.
Lehen kontzeptu jakin batzuen erabileran gure herrian jasaten diren errepresio-kasuekin dagoen kointzidentzia aipatzen bagenuen, babesten gintuzten beste hitz batzuen handitasuna ere azpimarratu nahi dugu: ELKARTASUNA, ENPATIA...
Jasotako elkartasun neurrigabea ordainezina da eta zuoi guztioi bueltatzeko modurik onena egunero gure begien aurrean agertzen diren bidegabekeriekin konprometitzea dela argi dugu.

Besarkada bat hainbat lekutatik zigorraren aurka borrokatu zenuten eta zuen elkartasuna helarazi zenuten pertsona guztiei, eta berriro ere, muxu bat altsasuar guztiei zuen hurbiltasun eta babesagatik. 

Altsasuko auziaren kronologia ikusteko: altsasukoauzia.guaixe.eus