Astekaria

"Sasoi betean itzuli nahi nuen, ez erretiroa hartzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko uzt. 11a, 10:39
Saldise eta Hernandez, prentsaurreko batean. XOTA

Xotako jokalari Dani Saldiseren itzulera berretsi du talde horrek. Datozen bi denboralditan ariko da, eta azken hiru urteetan ikasitakoa plazaratzeko prest agertu da

Ofiziala da. Osasuna Magna Xotara itzuliko da Dani Saldise, datozen bi denboraldietarako, gutxienez. 2020an utzi zuen talde berdea, erronka berrien bila. Movistar Interren hasi zen eta, bi denboraldi egin ostean, Mallorca Palma Futsal taldeak fitxatu zuen iragan urtean. Hamaika lorpen batu ditu irurtzundarrak bi talde horiekin; Espainiako Superkopa, Espainiako Kopa, Erregearen Kopa eta Championsa eskuratu ditu azken hiru urteetan. Taldea sendotu eta garaipenera gidatzeko helburua du.

Zergatik itzuli zara Xotara?
Faltan sentitzen nuen taldea, ostiralak Anaitasunan… etxekoak. Oso berdea izan naiz txikitatik, eta sasoi betean itzuli nahi nuen, ez erretiroa hartzera. 28 urte beteko ditut aurki, sasoiko sentitzen naiz, heldutasun fisiko zein mentalean. Uste dut talde ona dugula. Gazteak gara, gainera; eta lan polita egin dezakegu epe labur-ertainera.

Asko ikasi duzu kanpoan izan zaren urte horietan?
6 urte bailiran bizi izan ditut. Esperientzia ikaragarriak izan ditut, onerako eta txarrerako. Championsa irabaztea itzela izan zen, esaterako. Heldutasuna hartu eta kanpoan zer dagoen ezagutzeko balio izan dit; Xotan beste hainbeste lortzea espero dut.

Noiztik darabilzu etxera itzultzeko ideia?
Movistar Interren nagusitzea zen helburua, baina hainbat proiektu ateratzen ari dira. Buelta asko eman ditzake bizitzak. Mallorca Palma Futsalek fitxatu ninduen ondoren. Jende zoragarria ezagutu dut. Taldea eta hiria ere zoragarriak… Joan den azaroan, ordea, herriminak hartu ninduen, eta ondorengo hilabeteetan indartu egin zen sentimendu hura. Proiektu politak nituen ortzi mugan, baina etxera itzuli nahi nuen.

Zer emanen diozu Xotari?
Minutuak irabazi beharko ditut, edozein jokalarik bezala, kontziente bainaiz maila handiko jokalariak daudela. Dani Saldisek beti eskaintzen duena emanen dut. Gainera, kanpoan egon ondoren, freskotasuna eta esperientzia ondoan izanen ditut. Gazteenei ere lagundu nahi nieke, nirekin egin zuten gisan. Golak sartzea ere espero dut, noski, lehen lerroan gogor estutuz.

Asko aldatu da behin utzi zenuen taldea eta orain topatu duzuna?
Oro har, ez dut uste asko aldatu denik. Dena den, behin taldean
nabilela hobeki jakinen dut. Joko sistema antzekoa da; egia da orain mugikortasun handiagoa dagoela. Lehen eskarmentu gehiago zuten jokalariak aritzen ziren, baina orain gazteagoak dira, eta dinamikoago jokatzen dute.

Urte gorabeheratsua izan da Xotarendako.
Zaila izan da, eta ez zuten merezi hain estu ibiltzea. Azken finean, gola sartzean datza areto futbola, aurkariak baino bat gehiago sartuta nahikoa da, ondo jokaturik irabaztea merezi arren.

Zein helburu dituzu datorren denboraldiari begira?
Espero dut kopa eta play offean sartu ahal izatea, zaila izanen den arren, talde guztiak gogor ari baitira borrokan. Baina uste dut egin dezakegula, badugu talde ona; eta jokalariak apur bat finduta, eginen dugulakoan nago. Horretara etorri naiz.

Nola ikusten duzu Miguel Hernandezen rol berria?
Oso pozgarria da guztiontzat bera entrenatzaile izatea. Oso prestaturik ikusten dut; gainera, bigarren entrenatzailearen, Roberto Martilen laguntza edukiko du. Gogotsu ikusten dut, aurrean duen erantzukizunaz jakitun.

Eta Roberto Martilena?
Robertok ondo merezita du. Jokalari guztiak bereganatu ditu eta hori zaila izan ohi da. Lideratzeko jaio da; barrenean dakar. Oso lagungarria izanen zaio Migueli, eta gainerako taldeen errespetua eta begirunea erakarriko ditu "Palotek". Jokalari gisa ere ariko da, aldi berean, eta bi funtzioak aurrera eramateko gai ikusten dut. Luzerako izanen dugu Roberto.

Irurtzungo futsal campusean ere ibili zara berriki.
Bai, iragan astean aritu ginen. Izugarria da; haur guztiez disfrutatu dugu, oso aste polita da niretzat. Egiten duguna gustatzen zaigula ikustean berehala katigatzen dira haurrak, eta beren aurpegi alaiek poztasuna eta
gogobetetasuna sorrarazten dizkigute.

Etxajua jaurtiko duzu herriko festetan.
Orain gutxi esan zidaten. Pozez txoratuta nago. Hori bai, hitz batzuk botatzeko eskatu didate, eta oraindik pentsatu behar dut zein hitz esan.

Erlazionatuak