Seme proiektuaren lehenengo ekitaldia izan zen larunbatean Etxarriko kultur etxean, 15 lagunen artean hilabete erdiz prestatu ondoren. Han Oihan Barandallak harmonikaz eta ahotsaz sortu duen kantuaren moldaketa eta bideoklipa aurkeztu zen eta baita motxiladun haurren egoera ere. Etxarriko presoak kartzelan egindako kantan bere bizipenak eta barnean zegoelarik semea kanpoan jaio zeneko eta hortik aurrera bizi izan dituen momentuak kontatzen ditu. Abesti hori aitzakia polita zela pentsatu zuten proiektuaren arduradunak, elkartasuna adierazteko eta, aldi berean, arazo hori gizarteratzeko.
Seme proiektua hirugarren testigantza da, presoen testigantza desberdinak daude, bi jakin izan dira eta orain hirugarrenarekin Seme proiektua sortu da. Proiektuaren helburuak batez ere motxiladun haurren testigantza zabaltzea eta gizarteratzea da, arduradunen ustez ezagutu behar da, horri aurre egiteko eta dispertsioak sortzen duen arazoa gainditzeko. Gainera, jendearen elkartasun adierazpena da, kasu horretan Xiberu eta bere aita Oihan Barandalla, baita motxiladun beste haurrekiko. Euskal Herrian dauden 104 motxiladun haur eta gaztetatik 5 sakandarrak dira. Saretik adierazi dutenez, "egungo espetxe politika gizagabeak gaur egun 104 umeri euren gurasoen ondoan hezteko eskubidea ukatzen die. Zergatik? da behin eta berriz euren buruei egiten dieten galdera".
Elkartasun egune
Larunbatean ospatutako ekitaldietan herriko zazpi presoak gogoan izan zituzten. Etxarri Aranaztik urrunduak daudela eta "salbuespeneko espetxe politikak Etxarriko familia eta kuadrilla asko zigortzen dituela esan zuten antolatzaileek. Espetxe politika horrekin bukatzea eta preso guztiak etxerako bidean jartzea lehentasunezko erronka da Etxarriko herriarendako". Arratsaldean egin zuten manifestazioarekin Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "abian jarri duen ekimen politiko berrituari babesa eskaini" zioten.
Elkartasun eguneko lehenengo jarduera izan zen eta bertan hainbat motxiladun umek eta nerabek parte hartu zuten. Xochitl Karasatorre 24 urteko gaztea, 7 urte zituenetik motxiladun umea da, ezinezkoa da zenbat kilometro egin dituen jakitea. Orain 500 kilometro egiten ditu aita ikusteko, baina Pariseraino joan behar izan zuen, Madrilera…
Bat ohitzen al da horrelako bidaiak egitera?
Bai, uste dut baietz. Badakizu txikitatik asteburu bat erreserbatu behar duzula bidai bat egiteko, aita ikusi ahal izateko. Orduan badakizu hainbeste kilometro egingo ditugula, eta azkenean, ume bat zarenean pisu bat da baina gero ohitzen zara.
Nola azaldu zizuten urte horiekin gertatzen zena?
7 urte nituen eta azaltzeko modua desberdina zen. Esan zidaten aita espetxean zegoela gizon gaizto batzuk zutelako eta, gainera, hemen egon arren oso urruti zegoela, hilabetean behin bisitatzera joan beharko ginela. Bisitak ordu erdikoak izanen zirela aipatu zidaten. Esan zidatena barneratu nuen eta nire modura eraman nuen.
Nola izan zen aitarengana espetxera joan zinen lehenengo aldia?
Txarra. Ez nuen kanpoan ezagutzen eta 10 urte baino gutxiagoko umeek egiten duten bisita bat zegoen, aita eta seme alaba bakarrik elkartzen direna. Nire aitak bisita hori izan nahi zuen, baina ez zuen pentsatu ni izutuko nintzela. Ez nuen ezagutzen, eta espetxe batean sartu ninduten. Gainera, Parisen ez nuen hizkuntza ulertzen eta andre batek hartu ninduen barnera eramateko. Ez dakit zer gertatu zen edo zer pasatu zen nire burutik, baina aitak 2 orduak isilik pasa nituela esan zidan, jolastu gabe eta ezer egin gabe. Atera nintzenean ez nuela berriz joan nahi esan nuen eta 6 hilabete pasa nituen joan gabe. Gero nire lehengusuekin joaten hasi nintzen.
Zein izan da zure sentimendua urte hauetan zehar?
Amorrua. Azkenean badakizu aita bere etxetik gertu dagoen espetxe batean egon beharko litzatekeela eta mendekuagatik edo dena delakoagatik dituzte euskal preso politiko guztiak dispertsatuta. Horrek eragina du senideen artean, milaka kilometro egin beharra dauzkagu, gastu ekonomiko izugarria, gastu fisikoa, nekea, estresa…
Nolakoa izan da zure aita eta zure arteko harremana?
El Salvadorren jaio nintzen, nire aita han zegoen eta 6 hilabete nituela etorri zen hona. Ez dut inoiz kanpoan ezagutu edo harreman jarrai bat izan. Telefonotik deitzen zigun eta argazkietatik ezagutzen ginen, baina aurrez aurre ez. Espetxeratu zutenean hasi nintzen harreman fisikoago bat izaten, baina hilabetean behin ikusten nuen. Ez zen harreman sendoa izateko egoerarik aproposena.
Etxarrin ez zinen motxiladun haur bakarra. Besteen babesa sentitu duzu?
Bai, betidanik. Beti egon izan dira presoak eta herri honek beti izan du babes hori gurekiko.
Hasieran ez zen erraza izango hitz egitea.
Etxarrin bizitzean, gainera, ez nintzenez motxiladun ume bakarra eta beste preso batzuk ere bazeudenez, normaltasunez hitz egiten genuen. Gero zailago izan zen, institutura joatean edo hemendik kanpo hitz egitea, baina ez dut arazorik izan.
ETAren azkeneko berriaren ondoren, nola ikusten duzu zuen egoera?
Aspaldi aldatu behar zen egoera dela uste dut eta gainera, orain horretarako arrazoiak badaude. Ez dute inongo arrazoirik egoera ez aldatzeko, baina ez dakit aldatuko den. Euskal Herriratu beharko lituzketela behintzat argi dago. Ea pausoren bat ematen duten.
Zer esango zenieke motxiladun haur gazteenei?
Irribarrea ez inoiz galtzeko. Mila kilometro egin arren beti aitatxori edo amatxori irribarre bat aterako dietela eta hori oso gauza handia dela.