Zer da SAGA? Zergatik ez dira Sakanako Gazte Asanbladak jarduerak antolatzeko elkartzen? Non geratu da lehen existitzen zen harremana?
Baina, zer da harremana? Bada, harremanak honako hau esan nahi du: "Iz. Pertsonen edo pertsona multzoen artean gertatzen den eragin trukea edo komunikazioa". Hortaz, gaztetxeen artean harremana izatea onuragarria dela deritzogu, edozein jardunaldi egiterako orduan materiala elkarbanatu dezakegulako, laguntza behar dugunean elkarri eman diezaiokegulako, arazo baten aurrean indartsuagoak garelako eta elkarrekin aurrera egitea errazagoa delako.
Duela urte batzuk Sakanako Gazte Asanbladen arteko hartu-emana ematen zen baina konpromiso faltagatik eta denboraren poderioz hau galdu egin da. Gaur egungo egoera guztiz ezberdina da; elkarri fabore bat eskatzean askotan erantzuna ezezkoa delako edota guk geuk antolatutako ekintza eta ekitaldiak elkarri zapaltzen dizkiogulako. Hau, gure arteko komunikazio faltagatik gertatzen da, non bakoitza bere kabuz joaten den eta ez dugun gaztetxe bakoitzak antolaturiko egutegiaren berri.
Horregatik guztiagatik, erlazio berri bat sortzea guztiz mesedegarria dela uste dugu eta hausnarketa honen bitartez Sakanako Gazte Asanbladen arteko harremana eraikitzera gonbidatzen ditugu Sakanako gaztetxe guztiak.
Batera indartsuagoak garelako, gora Sakanako Gazte Asanbladak!