Urteroko legez, herriko gazteak etxez-etxe ibili ohi ziren Eguberri bezperan janari eske, egunean bertan gazte bazkaria egiteko. Urteak ziren bilketa egiten ez zela eta Gazte Asanbladatik elkartasun janari bilketa egitea adostu genuen, bilketaren funtsa elkartasuna izanik. Hortaz, asanblada batean ZAPOREAK elkartea proposatu zen, elkarte horri bildutako janari guztia emateko.
ZAPOREAK elkartea Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Behin elkartea zein izango zen argituta, haiekin lehen kontaktua eginda eta Eguberri bezpera gainean izanda, janari bilketa ilbeltzaren bigarren asteburura atzeratzea adostu genuen. Larunbat goizean herritar talde txiki bat bildu ginen eta etxez-etxe aritu ginen janari eskean. Igandean aldiz, frontoian mahai finkoa jarri genuen eta goizean zehar herritar mordoa gerturatu zen jakiak ekartzera. Behin bilketarekin amaituta, gaztetxean jakiak sailkatzen aritu ginen eta bildutakoa asko zela ikusita, ZAPOREAKekoei esan genien furgoneta beharko zutela gauzak eramateko. Aste baten buruan etorri ziren gauzak biltzera eta harrituta geratu ziren bildutakoa asko zela ikusita.
Maisueneatik oso harro gaude herriak izan duen jarrerarekin eta honek horrelako ekintza gehiago burutzera bultzatzen gaitu. Hortaz, ikasturte berri honetarako, Sakana mailan egun berean elkartasun janari bilketa burutzeko asmoa azaltzen dugu, zeinetarako Gazte Asanblada guztien inplikazioa eskertuko genukeen.
Sakanatik mundura, herri elkartasuna!