Hara zer dien

Gazte Asanbladen arteko harremanak sortzen

Zer da Gazte Asanblada bat beste batekin harremanik izan gabe? Nola bihurtu ideia hau errealitate? Non dago hauen arteko muga? Aurreko batean, GUAIXErendako egindako kolaborazioan SAGAren (Sakanako Gazte Asanbladak) inguruan idatzi genuen gonbidapen bat luzatuz: "Honen bitartez Sakanako gazte asanbladen arteko harremanak eraikitzera gonbidatzen ditugu Sakanako gaztetxe guztiak."

Horren harira, aurten, Olaztiko eta Bakaikuko Gazte Asanbladetako bi kide lanean jarri dira. Lehenengo urratsa egin dute, Sakanako gazte asanblada guztiekin kontaktuan jarri eta bakoitzeko bi militanterekin WhatsApp taldea sortu dute. Taldearen helburua denon artean erlazioak erraztea, antolatzen diren ekintzen berri izatea eta elkarlana sustatzea da. Hala nola, egutegi bat guztion artean partekatu da eta bertan bakoitzak bere gazte asanbladak antolatutako jarduerak jartzen ditu, horrela ekintza batek bestea zapaltzea saihesten dugu.

Izan ere, ez ditugu gazte asanbladen arteko erlazioak SAGAn soilik mugatu nahi, Euskal Herri osora zabaldu nahi ditugu. Azken ideia hau egi bihurtzeko, Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera asteburua pasatzeko aukera izan genuen Maisuenean. Honetan, gure istorioa, antolatzeko modua, egoera eta zenbait anekdota elkarri partekatzeko parada izan genuen.

Asteburu hark ilusioz bete gintuen eta sortutako sentsazioa ikusita, harremanak eraikitzen jarraitu nahi dugula konturatu gara. Horretarako, Leitzan ospatutako Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketa bezalako ekintzak aurrera jarraitzea nahitaezkoa iruditzen zaigu.

Gora euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladak! Gora autogestioa!