Gure gaztetxeen aktibismoa ez litzateke ulertuko kulturaren euskarrietako bat gabe: musika. Musika ez da soilik doinu bat; ahotsa da, mezua da, borroka da. Haren bidez, hainbat kolektibo eta kausa defendatzen dira, eta bere letrek gure kezka eta ametsak islatzen dituzte. Abestiek sarritan gaztetxeen idealen eta printzipioen oihartzuna dakarte, eta gure borrokek, denon artean partekatzen dugun melodia propioa dute.
Pentsa al genezake gure jarduerak txarangarik, bertsolaririk, trikitilaririk, kantautorerik edo musika talderik gabe? Imajinatzen al dugu gure espazioak oi, rap, reggae, punk, rock, tekno, ska edo metalaren soinurik gabe? Zer izango lirateke azken 30 urteetako (eta aurrekoetako) jaiak doinu horiek gabe? Gure borroka sozialek musika dute lagun eta indar, eta gaztetxeok zorra dugu kultur forma horrekin.
Ez dira gutxi izan gaztetxeen bidez beren lehen agertokia aurkitu duten taldeak, musika industri neokapitalistaren menpe egon gabe beren lehenengo entzuleekin konektatzeko aukera izan dutenak. Guk eskaintzen dugun espazioari esker, askok abiatu dute beren bidea, eta, aldi berean, gu ere elikatu egin gara esperientzia horietatik. Artistari aukera emateaz gain, gaztetxeok kultura-egutegi sendoak osatzen ditugu, gure komunitateak indartu eta gure herriaren nortasuna elikatzeko.
Gure oholtzak eta argiak haiekin partekatzen ditugu; gure jendea eta sare sozialak, gure ate irekia eta mahaiko eserlekua. Eta hori guztia ez dugu bakarka egiten, baizik eta sare batean: gaztetxeak elkarrekin, eskuz esku, komunitateari bizitza ematen.
Jakina da, batzuetan, artistak haien bidea jarraitzen dutela eta guk ez dugula beti haiek kontratatzeko baliabiderik. Baina interes orokorra lehenetsita, gaztetxeok jarraitu egin behar dugu kultura eta sorkuntza sustatzen, beti harreman duinen eta elkarlanaren ikuspegitik.
Uste dugu harreman hauek adiskidetasunetik eta elkartasunetik eraiki behar ditugula. Guk haiekiko konpromiso iraunkorra sentitzen dugu, eta nahiko genuke haiek ere gurekin antzeko lotura izatea, zirkulua elkarrekin ixteko.
Eta amaitzeko, funtsezkoa dena: eskerrik asko musika kulturari eta hori posible egiten duten guztioi. Mila esker!