Gazi-gozo zaporeko omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2020ko ira. 14a, 14:38

Otsaportilloko lezean lore eskaintza egiten.

Joan den igandean, Otsaportillon, estatu kolpeko biktimak omendu zituzten. Aurten, Altsasuko eta Urdiaingo udalek antolatu dute ekitaldia. Ibarreko udalek 2017an sinatu zuten lankidetza harremanari jarraituz, urtero bailarako bi udalek hartzen dute ekitaldiaren ardura. 

Ekitaldi ofiziala Otsaportilloko lezearen parean hasi zen, 12:00etan, Altsasuko Sebastian Uhalde (Txan) apaizaren mezaren ondoren. Altsasuko zinegotzi Jokin Zelaia izan zen aurtengo ekitaldiaren aurkezlea. Berak eman zion hasiera ekitaldiari, biktimendako egia, justizia, memoria eta erreparazioa aldarrikatuz. Ondoren, Itziar eta Erkuden Flores ahizpek eta Amaiur Goikoetxeak Haritzaren memorian abestia abestu zuten. Abesti hunkigarri horren ostean, Los del Rayo taldearen txanda izan zen. Rock-musika taldeak, Aintzane eta Jaione Diaz ahizpekin batera, Sangre en la pared abestu zuen. 

Musika amaitu eta gero, alkateen txanda izan zen. Javier Ollo Martinezek eta David Oroz Alonsok hartu zuten hitza. Tartekatuz, alkateek 1936ko estatu kolpearen eraildako guztiak gogoan izan zituzten, eta oroimena, egia, ordaina eta justizia erreklamatu zituzten. Orozen hitzetan, “demokrazian eta askatasunean oinarritutako balioen defentsan beren bizitzarekin ordaindu zuten pertsonak dira hemen erail zituztenak. Printzipio horien guztien defentsak bultzatzen gaitu berriro ere, hainbat ideologiatako pertsonak leku sinboliko honetan biltzera”.

Halaber, Olloren hitzetan, “gorrotoa da ideologia eta proiektu politiko ez demokratiko ororen oinarria. Azken ondorioetara arte askatasunaren, demokraziaren eta giza-eskubideen alde egindako defentsa da hemen eraildako pertsonek etorkizuneko belaunaldiei utzi zieten ondare nagusia”. Horretaz aparte, Altsasuko alkateak haien txandari amaiera emateko, aldarrikapen olerki bat irakurri zuen.

Ekitaldiari amaiera eman aurretik, Amaia Zudairek eta bere semeak Jose Ramon Andaren oroigarriaren aurrean aurreskua dantzatu zuten. Azkenik, ekitaldia krabelinak Otsaportilloko lezearen ahoan utziz despeditu zen. Horretarako, udalek, aulki baten gainean, krabelinak utzi  zituzten; eta bertaratuei krabelin bana hartzeko eskatu zieten eta lezearen ahoan uzteko. Ekitaldian Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualdek eta Nafarroako Legebiltzarreko burua Unai Hualde Iglesiasek parte hartu zuten. 

COVID-19 gaixotasuna zela eta, udalek neurri bereziak ezarri zituzten. Ekitaldiaren sarreran, jendeak gel-a zeukan eskuragarri, bertan eskuak desinfektatzeko. Gainera, elkarren artean metro eta erdiko distantzia mantendu behar zela esaten zuen pankarta bat zegoen. Horretaz aparte, Otsaportilloko lezearen inguruan eserlekuak esfera erdi bat osatuz eta beraien artean derrigorrezko distantzia mantenduz zeuden kokatuta. Ekitaldiak jende mordoa bildu zuen, baina guztiek zeramaten musukoa eta derrigorrezko distantzia mantendu zuten. 

Erlazionatuak

Otsaportilloko memoria

Guaixe 2020 ira 10 Sakana