Beriain argiztatzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gure Esku 2020ko ots. 1a, 17:31

Sakanako Gure Eskuk eta eskualdeko hainbat mendizalek Beriain mendia (1.494 m.) argiztatzeko asmoa martxan jarri dugu. Maiatzaren 9an, larunbatarekin, gauzatu nahi dugu erronka.

‘Argi dugu bidea’ lelopean hainbat mendi eta txoko argiztatu dira azken hilabeteotan Euskal Herrian, Gure Eskuren ekimenez. Egitasmo honek aldarri bikoitza du: burujabetza eta askatasuna. Mendiak eta txokoak argiztatuz, herritarrok norantz joan nahi dugun argi dugula adierazi nahi da. Argi bakoitza konpromiso bat da bide horretan. Guztien argiak batuz lortuko baitugu bidea ikusi eta egiteko behar dugun argitasuna..


Sakanako Gure Eskuk eta eskualdeko hainbat mendizalek Beriain mendia (1.494 m.) argiztatzeko helburua jarri dugu. Beriain mendia ederra da eta argiztatzea oso ekimen ikusgarria izango da. Hala ere, erronka ez da erraza eta urratsez urrats eta auzolanean antolatuko da. 


Behin-behineko data bat jarri dugu Sakanako Gure Eskuk eta eskualdeko hainbat mendizalek: maiatzaren 9a, larunbatarekin. Gorde, beraz, data hori. Eguna hurbiltzen denean, eguraldi aurreikuspena aztertu beharko da, eragozpenik ez dagoela ziurtatzeko eta data baieztatzeko. 


Ekimena aurrera ateratzeko lehen urratsa argiztapena diseinatzea izango da, hau da, argien ibilbidea markatzea, ahalik eta ikusgarriena izan dadin. Horretarako ezinbestekoa da Sakanako argazkilari eta argazkizaleen laguntza: ikuspegi hoberena aukeratu behar da, eta ekintzaren egunean argazkilari eta bideogile bolondresak beharko dira. 


Beraz, ekintzaren irudiak nondik eta nola hartu aztertzeko bilera ireki batera deitu ditu Sakanako Gure Eskuk eskualdeko argazkilari, bideogile eta argazkizaleak. Bilera, otsailaren 14an izango da, Arbizuko Udaletxeko batzar gelan, 19:00etan. 


Argiztapena nola egin diseinatu ondoren, jendearen parte hartzea antolatzeari ekingo diogu, ibilbidearen zatiak banatuz, eta parte hartzeko moduak zehaztuz.