Aste erabakigarria izan da. Izan ere, duela hilabete batzuk Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30ean greba feminista orokorra iragarri zuen eta, orduz geroztik, Euskal Herriko nahiz Sakanako herrietan hainbat ekimen egin dira grebarako aldarria lau haizetara zabaltzeko.
Pertsona guztiok zaurgarriak gara eta, ondorioz, bizitza osoan zehar zainduak izateko beharra dugu; nahiz eta momentu batzuetan behar hori handiagoa izanen den beste batzuetan baino. Ezaugarri horrek elkarrekiko mendekoak garen izaki egiten gaitu eta, beraz, zaintza lanen ardura denona dela ulertarazten digu; zaintza eskubide kolektiboa ez ezik, guztion betebeharra ere badela azpimarratuz.
Gaur egun zaintza lanak nagusiki emakumeek egiten dituzte; hori berresten digute zaintzarako hartzen diren baimenen, eszedentzien edota lanaldi murrizketen datuek. Hego Euskal Herrian 182.000 langilek etxeko lan ez-ordainduan dihardute, ia guztiak emakumeak dira eta ez dute ordainsaririk jasotzen; eta horrek pentsioetan eragin zuzena du. Halaber, emakume migratzaileak dira adineko pertsonak zaindu eta etxeak garbitzen dituztenak, askotan lan kontraturik gabe. Honenbestez, ezinbestekoa da gizonen inplikazioa.
Baina erakunde publikoek eta tokiko administrazioek ere dagokigun ardura hartu behar dugu auzi honetan. Erronka handia dugu Mugimendu Feministak egiten dituen aldarriak entzun, eta gure eskumenekoak direnei bide emateko. Zentzu honetan, pertsonak zaintzeko ditugun bitartekoak eta baliabideak aztertu, eta ahal dugun neurrian zaintza sistema publikoa indartzeko neurriak hartu behar ditugu.
Ostegunean gu ere kalera atera ginen, besteak beste, zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzeko, zaintzen antolaketa sexista eta arrazista aldatzeko eta zaintzaileen lan
baldintza duinak aldarrikatzeko.
Aste erabakigarria izan da, bai. Baina ostegunean ez zen ezer amaitu. Indarrak batu eta ostiraletik aurrera ere lanean jarraituko dugu herritar guztien ongizatean gure alea jartzeko.