Erraz esaten da: hiru gaztek urte eta erdi kartzelan, badaezpadako egoeran, inoiz gertatu behar ez zen borrokaldi batengatik. Ederki ordaindu dituzte dagoeneko eragindako zauri arinak. Luze joan dira giltzapeturik emandako egunak eta luze gurasoek eta lagunek egindako kilometroak eta pasatutako atsekabe eta minak. Gainera, beste bost gaztek dute bizitza osoa izorratuko liekeen zigorraren mehatxua. Horien denen akatsa, euskaldun izatea.
Basapizti amorratuaren gisan jokatu dute Estatuko aparatuen arduradunek. Ana Rosa Quintanak marraztutako ekintza terroristaren bideari jarraikiz, haien helburu bakarra gazte horiek suntsitzea izan da. Horretarako fabrikatu dituzte probak, akusazioak eta epaiketako prozedurak, asmatutako delituari forma emateko. Haien estatusa eta ahalmen guztia, zeken, baliatu dute beldurra eta izua eragiteko. Guardia Zibila, Estatuko Fiskaltza eta Auzitegi Nagusiko Epailetza, agintekeriazko Estatuaren kuttunak; estatu indarkeriaren tresna legalak…
Miresgarria izan da gurasoen adorea eta herritarren erantzuna. Makina bat ekintza burutu dituzte hilabete hauetan, ilusioz eta beldurrez. Eta lortu dute Estatuaren gehiegikeriaren salaketa gizarteratzea; baita nazioartean ere oihartzuna izatea. Orain, heldu da epaiketaren unea, iragana eta etorkizuna erabakiko dituena. Kezka eta beldurra izugarria bada ere, bada itxaropena. Ez da alferrik izanen egindako ahalegina. Berriki, bi zaplazteko jaso ditu Estatuak, egindako gehiegikeriengatik, Belgikak eta Alemaniak emanak. Horiek argi erakutsi diote justiziak beste aldagaiak ere badituela, agintekeriarik eta militarismo garrazturik gabea.
Horregatik guztiagatik, Adur, Oihan, Jokin, Aratz, Julen, Jon Ander, Iñaki eta Ainara, eta gurasoek eta babesa emandako herritar guztiek ez galdu kemena, une honetan, zaila izanen baitu Entzutegi Nazionalak erraietan prefabrikatutako epaia ematea. Altsasuko gazteeak aske izan behar dutelako!