Urrun dago Madril

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2018ko eka. 22a, 08:23

kolaboratzaileak

Gogorra epaiaren albistea, beldurrik handienak betez. Ankerra. Justiziari mendekua gailenduz, balizko delitu arrunta zigor epaitegi bereziak ebatziz. Gogoangarria Iruñeko manifestaldia, bidegabekeriaren aurkako elkartasunezko garrasia.

Aurretik ere bagenekien Auzitegi Nazionala ez dela justiziaz jarduteko organoa, Estatuaren helburu politikoak bermatzeko salbuespenezko tresna baita, juristek beraiek ere argi adierazten dutenez. Konstituzioaren espirituaren aurkakoa, Francoren TOPen (Tribunal de Orden Público) ordezkoa. Hala ere, bagenuen itxaropena.

Balizko delitu batengatik justizia eta proportzionaltasuna. Zer gutxiago, edo zer gehiago, eskatzen ahal zaio Justiziari? Baina, argi dago, epaileek zorigaitzeko istilua epaitu ordez, euskal auzi edo gatazka politikoaren hondoetara joz, Altsasuko gazteengan irudikatu dute etsaia eta haien aurka jaurti dute zigor mendekatzaile eta koldarra.

Historiari zertzelada bat hartuta, zaharrak berri. Zehazki, 1841eko Foruen Murrizketako Legearen ondoren, 35 urtetan izoztutako kupoa aldebakarrez eguneratzeko, 1876an Canovas del Castillok bota zuen “indarkeria ekintza batek ematen du Zuzenbidea; izan ere, indarkeriak Estatua eratzen badu, indarkeria bera da Zuzenbidea”. Ikaragarria, hitz haien gaurkotasuna! “La razón de Estado” esaten dio “X” psoebaroiak.

Urrun dago Madril, urrun epaitzen eta espetxeratzen dituzte gazte nafarrak. Beharbada, Altsasukoen askatasunarekin batera, ordua da Nafarroari dagokion Zuzenbide demokratikoa eskuratzeko, Madrilen indarkeria nahiera pairatu behar izan gabe. Altsasuko gurasoek aldarrikatu bezala, erregenerazio demokratikoaren garaia ere bada!