Astekoa

Bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2023ko aza. 13a, 10:01

Iortiako aretoa, beteta. Nafarroako bertso txapelketako sailkapen-saioa. Sei bertsolari taulan. Lan batzuk burututa. Zortziko handian, zortziko txikian, hamarreko txikian, eta zortziko txikian puntutan. Azken proba burutzen ari dira, ganbarakoa. Aurreneko bostek amaituta, seigarrena taularatu da. Ur tragoa eta hatsa sakon hartuta, mikrofonora hurbildu da. Gai jartzaileak dio: "hiru bertso, nahi duzun neurrian eta doinuan osatzeko gaia hauxe da: zure parekoaren begietan gaur zoriona sumatu duzu". Txintik ez da aditzen aretoan. Bertsolaria pentsamendu sakonetan. Neuronen sinapsiak argiaren abiaduran dabilzkio. Ea ba… begietan, zoriona… gaixotasun batetik ateratzea… burua zapiz estalita duen haur batek minbizia gainditzea, haur bat sendatzea, arruntegia…erresidentzian dagoen amonari bisita egitea, ez, ez… larregi ahaleginduta haurdun gelditzea lortu duen bikotea… bai, izan liteke… prediktorea… bideko neke eta zailtasunak… bikote harremana trinkotzea… eta bukaera nolakoa… baina bikote izan gaitezen berriz guraso aurretik… bai, izan liteke…hortaz, haurdunaldiaren berriarekin eta prediktorearekin hasiko naiz… Bi minutu eta zazpi segundo pentsaketan eman ondoren, mikroaren aurrean ezker-eskuin keinu batzuk eginez, lanari ekin dio:

Irri bat bezala heldu da logelatik urruma / eta korrika hurreratu zait lehen zegona urruna / esan dit beti oroituko dut azaroko den eguna / parekoak eta guna bikotekide kuttuna /gaur arte triste ibili dena luzatuz aro iluna / baina poz batek dakarrena da sarri zoriontasuna / baina poz batek dakarrena da sarri zoriontasuna.

Sarri sentitzen dugu egunek duten pisuan ikara / egunak joan eta etorri ta orain gu hemen jada / parez pare ni ta bera gaude poz txiki baten islada / notizi baten zirrara eta ahotsean dardara / eskutan dauka gailu txiki bat ta zer den badakit hara / kostatu zaigu baina azkenik guraso izango gara / kostatu zaigu baina azkenik guraso izango gara.

Prozesu luze bat izan da hau eta iritsi kolpetik / eta nekea somatu dugu desio horren atzetik / gure harremana urratzeraino dihoa gure aurretik / ez gara pasa zinetik prozesu hasi zenetik / eta poz txiki bat badaukat bai zuk daukazunan bidetik / baina bikote izan gaitezen berriz guraso aurretik / baina bikote izan gaitezen guraso izan aurretik.

Larunbatean, Altsasun, euskararen oldarraldia izan zen. Euskaraz ekinez eta sortuz, eta kultura kontsumituz. Euskaldunok aurrera!!!

Erlazionatuak